ZARAUZKO IKURRINA
Orioren aurrerapauso handia Zarauzko Ikurrina irabazteko, lehen jardunaldian erakustaldia emanda
A. B. R. | EITB Media
Ia 11 segundo atera dizkio bigarren izan den Arraun Lagunaki eta ikurrina bereganatzeko faborito nagusia da. Tolosaldea izan da hirugarren Donostiarraren aurretik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Oriok Zarauzko Ikurrina irabazteko aurrerapausoa eman du lehen jardunaldia nagusitasunez irabazi ostean. Oriotarrek ia 11 segundoko errenta lortu dute Arraun Lagunakekiko. Hirugarren posturako lehian, Tolosaldeak aurrea hartu dio Donostiarrari eta Euskotren Ligako sailkapena estutu du.
Horiak hasieratik atera dira agintzeko asmoz eta lehenengo metroetatik estropada hautsi dute. Lan erditan Arraun Lagunakekiko bost segundoko errentarekin iritsi dira. Bigarren luzean, estropadaren gidoia ez da aldatu, eta errenta handitzen jarraitu du Oriok. Helmugan, Euskotren Ligako garaileak, ia 11 segundo (10.96) sartu dizkio Arraun Lagunaki. Atzetik, Tolosaldea izan da hirugarrena 16 segundora eta Donostiarra laugarren 20ra. Beraz, bi ontzien arteko diferentzia puntu bakarrera murriztu du Tolosaldeak.
Sailkapen nagusian, jada ligako txapelduna den Oriok 50 puntu ditu. Donostiarra bigarren postuan da 41 punturekin. Hirugarren posturako lehian, biharko estropada erabakigarriaren faltan, Donostiarrak 20 puntu ditu eta Tolosaldeak 19. Gauzak horrela, Tolosaldeak jokatu beharko luke ETE Ligara ez jaisteko playoffa.
Zarauzko Ikurrina (1. jardunaldia). Argazkia: EITB Media
Euskotren Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media