Itxi

KONTXAKO BANDERA

Oriok bi segundoko aldearekin ekingo dio bigarren jardunaldiari Arraun Lagunaken aurretik

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bigarren txandan aritu diren bi traineruak nabarmendu dira beste guztien gainetik, eta bien arteko lehiatik aterako da Kontxako Banderaren irabazlea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Emakumezkoen Kontxako Banderaren lehen jardunaldia jokatu da igande honetan, eta bertan txapelketa bereganatzeko faborito nagusiak diren Orio eta Arraun Lagunak nabarmendu dira. Oriotarrek bi segundoko aldea lortu dute Lugañenekoen arraularien aurretik (2:16), eta, ezustekorik izaten ez bada, bien artean jokatuko dute banderaren garailea bigarren jardunaldian.

Bata zein bestea bigarren txandan aritu dira (lehena 1. kaletik eta bigarrena 3.etik), eta oso estropada parekatua eskaini dute hasieratik bertatik; hori bai, horiak uneoro aurretik joan dira. Hala, ziabogara heldu direnean, Nadeth Agirrek gidatzen duen eskifaiak segundo bateko abantaila zeukan (5:25 eta 5:26, hurrenez hurren).

Bueltako luzean, berriz, indarrak parekatu egin dira une batez, baina helmugara heldu ahala oriotarrek berriro hartu dute estropadaren burua, eta ez dute postu hori utzi amaierara arte. Azkenerako, 10:37.68ko denborarekin gailendu dira San Nikolasekoak eta haien atzetik sartu dira Andrea Astudillorenak.

Donostiarrak, Bantxa ontziarekin, hirugarren lekua eskuratu du, baina lehen txandan arraun egin duen Hondarribiak baino denbora okerragoa eginez, 35 ehunenekotik izan bada ere. Dena den, bata zein bestea ohorezko txandan izango dira. Chapelak egin du denetatik denborarik okerrena, bai bigarren txandan, zein estropada osoan.

Lehendabiziko txandari dagokionez, Hondarribia nagusitu da 10:50.47 kronoa ezarrita. Ziaboga ematean, Tolosaldearekiko hiru segundoko galera izan badu ere (5:25 eta 5:28), bueltako luzean Ama Guadalupekoak buelta eman dio estropadari, eta aurretik helmugaratu da bi segundo pasatxoko tartearekin. Ondoren Hibaika eta Cabo sartu dira, zazpi eta bederatzi segundora.

Ohorezko txanda

Horrenbestez, lehen jardunaldiko denborak kontuan izanda, hurrengo igandeko txanda nagusian Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia arituko dira.

Kontsolazio txandan, aldiz, Tolosaldea, Hibaika, Cabo eta Chapelak egingo dute arraun.

Emakumezkoen Kontxako Banderaren 1. jardunaldiko emaitzak. Argazkia: EITB

Bideoak (4)