KOntxako Bandera
Urdaibai nagusitu da Kontxako lehen jardunaldian Hondarribiari eta Donostiarrari ia zortzi segundo aterata
A. B. E. | EITB Media
Bermeokoak 19 minutu eta 21 segundoko markarekin nagusitu dira Kontxako Banderako lehen jardunaldian. Bigarren izan da Hondarribia 7,64 segundora eta hirugarren Donostiarra 7,70 segundora.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Urdaibai nagusitu da Kontxako Banderako lehen jardunaldian eta ia zortzi segundoko abantaila atera die Hondarribiari eta Donostiarrari igande honetan (irailak 4) Donostiako uretan.
Urdaibai eta Donostiarra bigarren txandan lehiatu dira. Bermeokoak 19:21.56ko markarekin gailendu dira, eta lehen txandan aritu den Hondarribia izan dira bigarren, 7,64 segundora, 19:29.20ko markarekin. Donostiarrak (19:29.26) Hondarribiak baino sei ehunen gehiago behar izan ditu eta hirugarren izan da.
Bigarren txandari bizi ekin diote Donostiarrak eta Urdaibaik. Biak ala biak indartsu hasi dute lehen luzea. Ziabogan Donostiarrak egin du marka onena; 9 minutu eta 51 segundo. Urdaibairi lau segundo atera dizkio. Donostiakoek zein Bermeokoek, Hondarribiak lehen txandan ezarri duen marka (10'02") hobetu dute. Zierbenak etxeko taldeak baino 13 segundo gehiago behar izan ditu maniobra egiteko, eta Ondarroak 30 gehiago. Itzuliko luzean Urdaibaik erakustaldia eman du Donostiarra gaindituta eta marka onena ezarrita. Donostiarra izan da bigarren 7,70 segundora, baina lehen jardunaldia hirugarren postuan amaitu du, lehen txandan lehiatu den Hondarribiak 6 ehunenengatik hobetu baitu haien marka.
Lehen txandan hasieratik hartu du estropadaren burua Hondarribiak eta lehena izan da ziabogako maniobra egiten, 10 minutu eta 2 segundoko markarekin. Ziabogan Getaria izan da bigarren 5 segundora, Orio hirugarren 6ra, eta Kaikuk 18 segundo gehiago behar izan ditu lehen luzea amaitzeko. Bigarren luzean Hondarribiak ez du erritmoa moteldu eta txanda irabazi du 19 minutu eta 29 segundoko markarekin. Getaria 15 segundora helmugaratu da, Orio 21era, eta Kaiku 48 segundora.
Bi txandetako denborak kontutan hartuta Getaria izan da laugarren eta bigarren jardunaldian ohorezko txandan lehiatuko da Urdaibairekin, Hondarribiarekin eta Donostiarrarekin batera.
Orio (19:50) izan da bosgarren, Zierbena (19:58) seigarren, Kaiku (20:18) zazpigarren eta Ondarroa (20:25) zortzigarren. Azken lau talde hauek arituko dira bigarren jardunaldiko lehen txandan.
Kontxako Banderako 1. jardunaldiko sailkapena. Argazkia: EITB Media