TKE Ligako taldeak
2012ko San Miguel Ligako taldeak
Erredakzioa
Kaikuk iaz eskuratutako titulua defendatuko du. Portugalete eta Zierbena TKE Ligako trainera berriak dira KAE-1 Ligatik igotzea lortu baitzuten.
Urdaibai: Bermeoko ontziak iazko Kontxako Bandera lortu zuen, erakustaldia emanda, eta ligan titulu gehien duen kluba da. Juan Mari Etxabe prestatzaileak Jose Manuel Franciscoren tokia hartu du, eta ‘Bou Bizkaia’ ontziko patroi nagusia Gorka Aranberri izango da.
Hondarribia: Gipuzkoako traineruak iaz argi utzi zuen aurrerapausoa emateko prest dagoela, hirugarren postua lortuta. Mikel Orbañanosek entrenatzaile izaten jarraitzen du, eta Joseba Amunarriz patroi lanetan arituko da.
San Juan: Pasai Donibaneko ontziak entrenatzaile berria izango du Joseba Fernandezek Igor Makazagaren postua hartu baitu. Iaz laugarren gelditu ostean, arrosek aurrerapausoa eman nahi dute Endika Perez eta Igor Gaztañaga patroiekin.
Tiran: Galiziako trainerua sorpresa izan zen iaz. Daniel Perez Fandiñok zuzenduko ditu arraunlariak eta David Alvarez izango da patroi nagusia. Tiranen helburua nagusia banderak lortzea izango da.
Pedreña: Kantabriako ontziak gorabeherak izan zituen 2011ko denboraldiko azkenengo estropadetan. Mauricio Monteserin ‘Seve Ballesteros’ traineruko entrenatzailea da, eta Borja Gomez patroia.
Astillero: Santanderreko klubak ligako bi titulu lortu ditu, baina KAE-1 Ligatik igotzea lortu zuenetik ezin izan da onenekin lehiatu. Jon Salsamendi prestatzaileak zuzenduko du taldea, eta Ugaitz Mendizabal eta Pablo Garcia izango dira patroiak.
San Pedro: 2011ko ligan, zortzigarren gelditu zen ontzi morea. Honela, Gabi Larrinagaren mutilek ohorezko txandetan sartzea izango dute helburu. Juan Carlos Fontanek gidatuko du ‘Libia’ ontzia.
Castro: ‘Marinera’k denboraldi kaskarra egin zuen iaz, eta klubak aldaketa ugari egin ditu. Jose Antonio Cuero entrenatzaileak eta Juan Mari Lujanbio eta Santiago Lopez patroiak egoera iraultzeko gogor borrokatu beharko dute.
Zumaia: Santi Zabaletaren eta Joseba Urbietaren mutilek gogor borrkatu beharko dute azkenengo postuetatik ihes egiteko. ‘Telmo Deun’ ontzia Jokin Guijarro eta Unai Osa patroiek gidatuko dute.
Portugalete: Bizkaiko klubak erakustaldia eman zuen iaz, KAE-1 Liga erraz eskuratuta. Joxean Olaskoaga ‘Aizperro’ da ‘Jarrillera’ ontziaren entrenatzailea, eta patroiak Xavier Rodriguez, Paul Galdiz eta Joseba Mancebon izango dira.
Zierbena: Francisco Francesen arraunlariek mailari eustea izango dute helburu. Joseba Arbona eta Vicente Carpintero izango dira patroiak.