Itxi

Euskotren Liga

Arraun Lagunakek asteburu bikaina biribildu du, Euskotren Banderan nagusituta

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Donostiako taldea nagusi izan da Lekeitiko uretan eta Euskotren Ligako sailkapen nagusiko lidertza sendotu du, estropadan bigarren izan den Oriorekiko abantaila sei puntura handituta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arraun Lagunakek irabazi du Euskotren Bandera, igande honetan, abuztuaren 6an, eta asteburu bikaina biribildu du Lekeition (Bizkaia) egun bat lehenago ere garaile izan baitzen Hondarribiko Txingudi Banderan. Gainera, Arraunek Euskotren Ligako titulua eskuratzeko aurrerapausoa eman du, 6 puntu ateratzen baitizkio bigarren den Oriori.

Lehen txandan lehiatu dira Tiran (1. kaletik), Hondarribia (2. kaletik), Hibaika (3. kaletik) eta Cabo (4. kaletik). Estreinako luzean Hondarribia izan da azkarrena, baina ziabogan Hibaikari segundo bakarra aterata. Bigarren luzean, aldiz, Hondarribiak aurkariekiko errenta handitu du, eta txandako garaipenak ez dio ihes egin. 12:21.26ko marka egin dute hondarribitarrek. Hibaika izan da lehen txandako bigarrena 15 segundora, Cabo hirugarren 32ra eta Tiran laugarrena 53ra.

Ondoren, bigarren txandan egin dute arraun honako talde hauexek: Orio (1. kaletik), Tolosaldea (2. kaletik), Donostiarra (3. kaletik) eta Arraun Lagunak (4. kaletik). Joaneko luzean lehia estua izan dute Arraun Lagunakek eta Oriok, baina Euskotren Ligako liderrak 3 segundo atera dizkie oriotarrei ziabogan. Tolosaldeak Arraun Lagunakek baino 8 segundo beranduago egin du maniobra, eta Donostiarra garaipena lortzeko lehiatik at geratu da hasiera-hasieratik.

Luze erabakigarrian, bigarrenean, Arraun Lagunakek erritmo bizia ezarri du. Oriok ezin izan dio jarraitu, eta, ondorioz, Donostiako taldeak bereganatu du garaipena 11:45.90eko markarekin. Orio bigarren izan da 10 segundora eta Tolosaldea hirugarren 14ra. Donostiarrak (12:20.52) Oriorekiko 34 segundora amaitu du, eta laugarren izan da estropadan, Hondarribiari segundo bat baino gutxiago aterata.

Hondarribia bera izan da bosgarren, Hibaika (12:36.48) seigarren, Cabo (12:54.92) zazpigarren eta Tiran (13:14.38) zortzigarren.

Hortaz, Euskotren Liga amaitzeko lau jardunaldi falta dira, eta Arraun Lagunak da sailkapen nagusiko liderra 66 punturekin. Orio da bigarren 60 punturekin eta Donostiarra hirugarren 51rekin, Tolosaldea (50) puntu bakarrera duela. Behealdean, aldiz, Hibaika da seigarren 26 punturekin, Cabo (20 puntu) zazpigarren eta Tiran (11 puntu) zortzigarren.

Euskotren Banderako sailkapena:

Euskotren Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media

Albisteak (3)

Bideoak (2)