Itxi

KONTXAKO BANDERA

Urdaibaik lehenengo kolpea eman du Kontxako Banderan, azken luze ikusgarria eginda

L. E. A. | EITB MEDIA

Lehenengo lau ontziak bost segundoko tartean sartu dira: Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra eta Orio. Bou Bizkaiak segundo bat eta 25 ehuneneko aldea du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Urdaibaik irabazi du Kontxako Banderako lehenengo jardunaldia, bigarren txandako itzuliko luzean erakustaldia emanda. Bermeotarrek Getaria, Cabo da Cruz eta Ondarroa izan dituzte aurkari bigarren txandan, eta erreferentzia gisa, Hondarribiak lehenengoan egindako 19:21eko denbora.

Polemika ere izan da bigarren txanda horretan; izan ere, "arazo tekniko baten ondorioz" ez dute aurreko txandako denboren zuzeneko erreferentziarik izan. Iker Zabala entrenatzaileak egoera hori salatu du estropadaren amaieran.

Hondarribiak faborito papera berretsi du lehenengo txandan. Mikel Orbañanosek entrenatzen duen taldea Orio, Donostiarra eta Zierbenarekin batera aritu da. Ama Guadalupekoa oso talde erregularra da errendimendu aldetik, Eusko Label Ligan astero-astero erakutsi duten moduan. Lehenengo 500 metroen ostean, txanda berdea izan da bukaerara arte.

Ziabogan, Joseba Amunarrizek zuzendutako ontziak 9:19ko denbora egin du, Oriok baino 4 segundo gutxiago, Donostiarrak baino 8 gutxiago eta Zierbenak baino 11 gutxiago. Galipoek ez dute beren eguna izan, osteguneko sailkatze-estropadan denborarik onena egin ostean. Laugarren kaleak ez die mesederik egin.

Itzuliko luzean, Hondarribiak estropada buruari eutsi dio, eta lau ontzien arteko aldea egonkortu egin da. Zierbena izan da onena luze honetan, eta, horri esker, joanekoan galdutako segundo batzuk errekuperatzeko aukera izan dute.

Horrela, Hondarribia 19:21eko denborarekin gailendu da, Donostiarra eta Orio 3 segundora sartu dira, eta Zierbena 6ra.

Lehen txandako emaitza horiekin, begi guztiak bigarren txandari begira jarri dira, bereziki Urdaibairi begira, bizkaitarrak izan baitira bigarren txanda horretan arraunean aritu diren faborito bakarrak. Getaria, Cabo da Cruz eta Ondarroa izan dira txanda horretan aritu diren beste hiru ontziak.

Gorka Aranberriren arraunlariak erlojuaren kontra aritu dira, Hondarribiaren denbora buruan zutela baina erreferentziarik gabe, eta horrek lanak nabarmen zaildu dizkio Eusko Label Ligako liderrari.

Urdaibai, ikusgarri itzuliko luzean

Ziabogan, Bou Bizkaiak 9:31eko denbora egin du, Hondarribiak egindakoa baino 12 segundo gehiago. Horrek argi gorriak piztu ditu Bermeoko taldean, eta Gorka Aranberrik zukutu egin ditu bere arraunlariak. Bizkaitarrek itzuliko ikusgarria egin dute, eta 19:20ko denborarekin gailendu dira azkenean, Hondarribiak baino segundo bat eta 25 ehunen azkarragoa. Txandako beste hiru ontziak oso atzean sartu dira; Cabo 27 segundora, Getaria 28ra eta Ondarroa 40ra.

Denbora guztiak kontuan hartuta, gauzak gori-gori daude datorren igandeko bigarren eta azken jardunaldiari begira, bost ontzi baitaude 8 segundoko tartean: Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Zierbena.  

Kontxako Banderako 1. jardunaldiko denborak

Bideoak (5)