Kontxako Bandera
Bermeo da Kontxako Bandera gehien irabazi duen Bizkaiko kluba, Kaiku gaindituta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
'Bou Bizkaia' ontzia urte hauetan izan da nagusi Kontxako badian: 2010, 2011, 2014, 2015, 2016, 2022 eta 2023an. Horrela, XXI. mendean gehien irabazi duen taldea da.
Bermeo Urdaibai taldeko arraunlariek Kontxako Bandera irabazi dute zazpigarrenez igandean, eta, horrenbestez, denboraldiko hitzordu nagusi gehien irabazi duen Bizkaiko kluba da, Kaikuren orain arteko sei garaipenak gaindituta.
Bou Bizkaia ontziak 2010ean, 2011n, 2014an, 2015ean, 2016an, 2022an eta 2023an irabazi du Donostiako badian; beraz, mende honetako irabazle nagusia ere bada, Hondarribia (5) eta Castro (4) ere atzean utzita.
Kaiku, bere aldetik, onena izan zen Kontxan urte hauetan: 1978, 1980, 1981, 1982, 2009 eta 2012. Halaber, 1959an, Kaiku eta Iberia taldeetako arraunlariek osatutako traineru batek irabazi zuen; Sestaok.
Bizkaiko gainerako ordezkariei erreparatuz gero, Santurtzik lau bandera ditu (1977, 1979, 1985 eta 2021), Ondarroak bi (1898 eta 1922) eta Sestaoko Iberiak bat (1954).
Kontxako Banderaren errekor absolutua Oriok dauka, 32 aldiz gailendu baita bertan.