Itxi

Euskotren Play-offa

Hibaikak arraunaren maila gorenean jarraituko du

L.U. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Emakumezkoen play-offean Hibaika nagusitu da Portugaleteko uretan; beraz, Euskotren Ligan jarraituko du datorren denboraldian; Zumaia bigarren izan da, eta Kaiku hirugarren.

Hibaikako arraunlariak. Argazkia: EITB Media

Emakumezkoen arraunaren maila gorenera igotzeko Portugaleteko uretan jokatutako bigarren eta behin betiko estropadan, 'Madalen' ontziak larunbatean Bermeon lortutako garaipena errepikatu du, Zumaiako 'Telmo Deuna' ren (lau segundo) eta Kaikuko 'Bizkaitarra' ren (sei segundo) aurretik.

Bermeon jokatutako 1. jardunaldian Hibaika nagusitu zen erlojupeko parekatuan, ia bi segundoko aldea atera baitzion Kaikuri, eta hiru segundokoa Zumaiako ontziari. Bada, Errenteriako trainerua puntu abantailarekin atera da bigarren jardunaldi honetan.

Lehenengo ziabogan hiru traineruek egindako denbora oso parekatua izan da, izan ere, Hibaikak eta Zumaiak 04:39ko denbora egin dute, Santurtziko traineruak baino hiru segundo gutxiago. Hori dela eta, bigarren luzean dena airean zegoen.

Hala ere, Hibaika tartea zabaltzen joan da eta bere nagusitasuna erdietsi du. Errenteriako traineruak 10:45:95eko denboran amaitu du gaurko proba, 4 segundo atera dizkio Telmo Deunari, eta ia 7 Kaikuri.

2. jardunaldiko sailkapena

Bi jardunaldien emaitzei erreparatuta, eta puntu batuketa eginda, Hibaikak 6 puntu pilatu ditu, Zumaiak eta Kaikuk, berriz, 3 puntu. Dena den, Zumaiak bigarren postua bereganatu du, Kaikuk baino segundo bat gutxiago behar izan baitu bi probak egiteko.

Play-offeko sailkapen orokorra

Horrela bada, Hibaika Euskotren Ligan lehiatuko da datorren denboraldian. Kaiku eta Zumaia, aldiz, ETE Ligan arituko dira berriz ere.



Albisteak (3)

Bideoak (1)