Itxi

Kontxako Bandera

Arraun Lagunakek eta Urdaibaik duela urtebete lortutako garaipena errepikatu dute 2024ko Kontxako Banderan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Donostiako klubak historian hirugarrenez irabazi du denboraldiko banderarik garrantzitsuena, eta Bermeokoak zortzigarrenez. Biek ala biek irabazi egin zuten 2023an, eta aurten berriz lortu dute.

Arraun Lagunak eta Urdaibaiko arraunlariak Kontxako Banderako garaikurrekin. Argazkia: EFE

Igandean, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatu dute Donostian (emakumezkoen 17. edizioa eta gizonezkoen 129.a), eta 2023an gertatu zen bezala, Donostia Arraun Lagunak eta Urdaibai nagusitu dira. Lehenengo jardunaldia jokatu aurretik, hainbatek uste zuten Lugañene eta Bou Bizkaia faborito nagusiak zirela garaipena lortzeko; aurreko igandean izandako emaitzak ikusita, askok uste zuten biak zirela izangai nagusiak, ia bakarrak, Kontxako Bandera irabazteko, eta bigarren jardunaldian iragarpenak bete dituzte, aurreko igandean erakutsitako nagusitasuna gaurkoan berretsita.

Horrenbestez, Arraun Lagunakek 3 Kontxako Bandera ditu dagoeneko (2021, 2023 eta 2024), eta Urdaibaik, berriz, 8 (2010, 2011, 2014, 2015, 2016, 2022, 2023 eta 2024). Aurtengo edizioan, bi ontziek lortu dute berriz 2023an erdietsitako garaipena; Urdaibaik azken hiru ekitaldietan jarraian bereganatu du bandera Gipuzkoako hiriburuan.

Estropada amaitu ondoren, Aiora Belartieta Arraun Lagunakeko arraunlaria poz-pozik agertu da bere ontziak bigarren urtez jarraian Kontxako badian garaipena lortu duelako, baina ezin izan die malkoei eutsi, aste honetan bertan hil zaion amonarekin gogoratu baita, eta hari eskaini dio gaurko lorpena.

Antzeko zerbait gertatu zaio Urdaibaiko patroi Gorka Aranberriri, familiari eta emazteari eskaini ondoren. Zarauztarrak 9. Kontxako Bandera eskuratu du gaur, eta hiru klubekin lortu ditu guztiak: Urdaibai, Orio eta Santurtzi.

Ontzi irabazle bateko zein besteko kideak pozez lehertu dira 2024ko edizioko bandera eman dietenean. Honela jaso dute Lugañenekoek eurena:

Handik gutxira, Bou Bizkaia ontzikoen txanda izan da:

PATROIEI EMANDAKO AGINDUAK:

Arraun munduan zaleek gutxi ezagutzen duten alderdietako bat entrenatzaileek estropadan zehar patroiei ematen dizkieten aginduak dira. Horiek entzuteko aukera izan dugu gaur, EITBren emanaldian. Hurrengo bi bideo hauetan, Iker Zabalak eta Juan Mari Etxabek patroiei emandako agindu zein gomendioetako batzuk entzuteko parada dugu.

Juan Mari Etxabek Andrea Astudillori zuzendutako aginduak:

Iker Zabalak Gorka Aranberriri igorritako gomendioak:

OSPAKIZUNAK

Arraun Lagunaken ospakizunak berehala etorri dira; izan ere, Donostiako Konstituzio Plazan amaitu den kalejira egin dute, eta denboraldi honetan lortutako bandera guztiak astindu dituzte bertan.

Arratsaldean, Bermeoko traineruaren txanda izan da. Herrian jaiak dira, eta bermeotarrak zain izan dituzte Urdaibaiko arraunlariek udaletxe aurrean garaipena ospatzeko.

Albisteak (2)

Bideoak (11)