Kontxako Bandera
Arraun Lagunakek nagusitasunez irabazi du Kontxako Bandera, denboraldiari bukaera bikaina emanda
GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA
Donostia Arraun Lagunakek aise irabazi du Kontxako Bandera, Donostiarra eta Orioren aurretik, enegarren erakustaldia emanda eta denboraldi ahaztezina borobilduta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donostia Arraun Lagunakek nagusitasun handiz eta hirugarren urtez jarrain irabazi du Kontxako Bandera, denboraldi historikoari bukaera ezin hobea emateko. Euskotren Liga aise bereganatu zuten, eta aurten jokoan izan diren bandera guztiak irabazi dituzte. Bigarren posturako, berriz, lehia estua izan da, eta, azkenean, Donostiarra gailendu da, Orioren aurretik.
Juan Mari Etxabek prestatutako arraunlariak ziren Kontxako badian garaipena lortzeko faborito nagusiak. Lehendabiziko jardunaldian, bederatzi segundoko abantaila lortu zuten, baina, hala ere, hasieratik dena eman dute, eta ez da inolako ustekaberik izan Donostiako uretan.
Estropada abiatu eta berehala jarri dira buruan. Orio, Donostiarra eta Tolosaldea txapeldunaren erritmoari eusten saiatu dira, baina ziabogara lauzpabost segundo atzetik heldu dira, eta hor amaitu zaizkie balizko ezustekoa emateko aukera guztiak.
Gainera, Andrea Astudillok zuzendutako traineruak ez du abiadura moteldu; alderantziz, gogor astindu dituzte arraunak, eta, pixkanaka-pixkana, gainerako ontziekiko tartea handitu dute.
Horrela, Arraun Lagunakek 10 minutu eta 36 segundoko denbora eginda amaitu du ohorezko txanda; Donostiarra izan da bigarrena (+6) eta Tolosaldea (+9) hirugarrena. Orio, berriz, askoz atzerago sartu da, 12 segundora, eta, ondorioz, sailkapen nagusian bigarren tokia galdu du, Donostiarraren mesedetan.
Bestalde, kontsolazio txandan, Astillero, Kaiku, Chapela eta Hibaika aritu dira. Lehia parekatuta izan dute lehen hiru traineruek; Errenteriako taldea, ostera, atzean geratu da hasieratik.
Ziabogaren ostean, Kantabriako ontziak aurrera egin du, hiruzpalau segundoko abantaila hartuta, eta errenta horri eutsi dio bukaerara arte. Chapelak eta Kaikuk, ostera, borroka handia izan dute bigarren postua eskuratzeko. Sestaoko taldeak atzetik aurrerakoa egin du, eta azken 500 metroetan aurrea hartu dio Galiziako ontziari. Hibaika, aldiz, azkena izan da, 20 segundoko atzerapenarekin.
Kontxako Banderako sailkapen nagusia.