Itxi

Eskubaloia

Bidasoak Europa Liga jokatuko du, atariko kanporaketan ABC Braga garaitu baitu

EITB

Leer en Castellano

Irungo taldeak bederatzi goleko errenta zuen joaneko partidatik, eta itzulikoan, Portugalen, 24-30 gailendu da.

Bidasoa 24-30 gailendu zaio ABC Braga taldeari. Argazkia: Bidasoa.

Irudek Bidasoa Irunek Europa Ligako multzoen faserako txartela lortu du, ABC Braga taldea atariko kanporaketan garaitu baitu. Irungo taldea 24-30 gailendu da Portugalen jokatutako itzuliko norgehiagokan, duela astebete, Artalekun, bederatzi goleko errenta lortu ostean (35-26). 

Kontraerasoan eta hegalekoek jokaldiak amaitzeko maisutasuna erakutsiz lortu du Bidasoak garaipena. Tuak, Gonzalezek eta Gastaminza gazteak egindako zazpi golak horren erakusgarri.

Braga takadaka aritu da, baina Bidasoaren atzetik joan da beti. Atsedenaldirako, lana oso ondo bideratuta zuen Irungo taldeak, lau goleko errenta lortuta (24-30). Joanekoan lortutako bederatzi goleko errentari gehituta, kanporaketa oso alde jarri zaie. Horrez gain, Skrzyniarz atezain poloniarra bikain aritu da atepean, eta hori guztia kontuan izanda, bigarren zatiari lasai asko ekiteko arrazoiak zituzten.

Asedenaldiaren ostean, 0 eta 3ko partzialak portugaldarren itxaropenak uxatu ditu (10-17). Braga ez da gai izan Gipuzkoako taldearen baliabide ugariei aurre egiteko, eta Mozas bere jokalarien indarrak kudeatzen hasi da, etorkizuneko erronkei begira.

Atariko kanporaketa gaindituta (24-30), multzoen fase zaila jokatuko du Bidasoak urriaren 14a eta abenduaren 2a bitartean. Bertan, talde beldurgarriak izango ditu aurkari, Flensburg alemaniarra, besteak beste, Frantziako eta Errumaniako beste talde garrantzitsu batzuekin batera.

Fitxa teknikoa

24 - ABC Braga: Humberto Gomes eta Tiago Ferreira atezainak; Tomas Ferreira (1), De Campos (5), Gonzalo Gomes (1), Meireles (1 penaltiz), Gamboa (2), Martins (1), Pando Vieira (6), Manso, Molis, Neves (2), Magalhaes (3), Garcìa Jose, Vasconcelos (2) eta Gonzalves.

30 - Irudek Bidasoa Irun: Skrzyniarz eta Leo Maciel atezainak; Dariel García (3), Mario Nevado (2), Gorka Nieto (2), Rodrigo Salinas (2), Xavi Gonzalez (3, 1 penaltiz), Iñaki Peciña, Marko Jevtic (1), Matheus Francisco da Silva, Julen Mujika (1), Esteban Salinas (4), Javier Gastaminza (3), Xabi Tua (4), Nacho Valles (2, 1 penaltiz) eta Alberto 'Tito' Diaz (3).

Albisteak (2)