Itxi

Atletismoko munduko txapelketa

Armand Duplantis pertikako aztiak berriro hegan egin du: urrea eta munduko errekorra (6,30 metro) Tokion

EITB Media

Leer en Castellano

Pertika-jauzilari suediarrak bere munduko marka hautsi du berriro finaleko hirugarren eta azken saiakeran. Duplantisek sekulako palmaresa lortu du dagoeneko, eta 25 urte besterik ez ditu.

Duplantis bere azken balentria ospatzen, Tokion (Japonia). Argazkia: EFE

Armand Duplantis pertika-jauzilari suediarrak urrezko domina lortu du gaur Tokion (Japonia), atletismoko Munduko Txapelketetan, eta, gainera, munduko marka hautsi du berriro, 6,30 metroan kokatuz. Pertika finaleko hirugarren eta azken saiakeran hautsi du marka.

Zilarrezko domina Emmanouil Karalis greziarrarentzat izan da (6,00) eta brontzezkoa Kurtis Marschall australiarrarentzat (5,95).

2018an Berlingo Europako Txapelketan eta Stockholmeko Diamante Ligako proban lehen urrezko domina lortu zuenetik, Duplantisek sekulako palmaresa lortu du dagoeneko: bi urre olinpiko, hiru munduko txapelketa eta beste hiru pista estalian, Europako hiru txapelketa aire librean eta beste bat pista estalian, eta 41 garaipen Diamante Ligako probetan. Gainera, lehiaketa horretan, 'diamantea' bost aldiz irabazi du.

Gainera, 2020ko otsailaren 8tik Torunen 6,17 metro salto egin zituenetik gaurdaino, suediarrak 14 munduko errekor hautsi ditu.

Horrela, Duplantis gero eta urrunago uzten ari da Sergey Bubka pertika-jauzilari errusiar mitikoa. 1987 eta 1997 artean, Bubkak urre olinpiko bat, sei munduko txapelketa eta beste hiru pista estalian eta Europako txapelketa bat aire zabalean eta beste bat teilatupean irabazi zituen.