Igeriketa egokitua
Zudaire eta Llopis garaile Singapurko Munduko Txapelketan, estiloetako 4x100 metroko proban urrea lortuta
EITB Media
Donostiarrak finala jokatu du eta zubietarrak sailkapenean parte hartu du goizeko serieetan. Llopisek bigarren urrea du Singapurren, eta Zudairek aurrenekoa, baina brontzezko bi domina eskuratu ditu aurretik.
Zudaire eta Llopis, 4x100 estiloko errelebo taldearekin. Irudia: Espainiako Batzorde Paralinpikoa
Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilari gipuzkoarrek urrea irabazi dute Singapurren jokatzen ari den Igeriketa Paralinpikoko Munduko Txapelketako bosgarren jardunaldian, estiloetako 100 metroko lau erreleboko proban, Espainiako Batzorde Paralinpikoak ohar batean baieztatu duenez.
Donostiarrak bigarren urrea du Singapurren, eta zubietarrak aurrenekoa, baina brontzezko bi domina eskuratu ditu aurretik.
Oscar Salguerok, Nuria Marquesek, Iñigo Llopisek eta Tasy Dmytrivek osatutako taldeak bigarren postuari eutsi dio lehen hiru erreleboetan, baina 17 urteko Tasy koska bat gora egiteko gai izan da azken metroetan, munduko titulua eskuratu eta txapelketetako errekorra jartzeko (4:31.50), Erresuma Batuaren (4:31.65) eta Australiaren (4:32.05) aurretik sailkatuta.
Horiekin batera, urrezko domina jaso dute goizeko serieetan sailkatu diren beste hiru igerilarik: Beatriz Lleida, Nahia Zudaire eta Jose Antonio Mari Alcaraz-Garcia.
Basque Team Fundazioaren arabera, goizeko sailkapenean Nahia Zudairek, Beatriz Leridak, Oscar Salguerok eta Jose Antonio Mari Alcaraz-Garciak osatutako laukotea bigarren izan da, 4:38.03ko denborarekin, Australiako taldearen atzetik eta Ameriketako Estatu Batuetakoaren aurretik.