Itxi

Europako Liga

Bidasoa Irunek gol bategatik galdu du Flensburg txapeldunaren aurka, Artalekun, garaipena hurbil izan ostean

EITB Media

Leer en Castellano

Artalekuk hitzordu handien itxura izan du munduko talderik onenetako baten aurrean, Bundesligako liderra eta Europako Ligako azken bi edizioetako irabazlea.

Etsipena Bidasoako jokalarien artean, Flensburgen aurka galdu ondoren. Irudia: EITB

Irudek Bidasoa-Irun taldeak Europako Ligako txapelketako partida jokatu du gaur, multzoko lidergoa lortzeko asmoz, Flensburg-Handewit Alemaniako txapeldunaren aurka. Partidaren zati handi batean gertu izan du, baina azkenean garaipenak ihes egin dio norgehiagokaren azken hatsean, eskuan izan ondoren (32-33).

Artalekuk hitzordu handien itxura izan du munduko talderik onenetako baten aurrean. Flensburg Bundesligako liderra da, eta Europako Ligako azken bi edizioak irabazi ditu. Gainera, gaur egun ezker hegaleko onena den Simon Pytlick danimarkarra dabil taldean.

Neurketa oso parekatua izan da. Lehen zatian zehar bien arteko aldea ez da bi gol baino gehiagokoa izan, eta berdinduta joan dira atsedenaldira (17-17).

Bigarren zatian, ordea, aldea lau golekoa ere izan da, irundarren alde, baina ezin izan dute aprobetxatu eta norgehiagoka itxi. Alemaniako taldeak txapeldun izaera erakutsi du, eta erantzuten jakin du, bidasotarren akatsak aprobetxatuz.

Alex Mozasek entrenatzen duen taldeak ez zuen aurrekari onik Alemaniako taldeen aurka Europako txapelketen historia luzean. Bundesligako talde baten aurkako azken partida joan den denboraldian jokatu zuten, Melsungenen kontra. Joaneko neurketan Bidasoak Melsungeni eutsi zion, baina itzuliko erabakigarrian (22-32) hamar goleko aldearekin porrot egin zuen. Zoritxarrez, gaur ere ez da estatistika negatibo hori hautsi.

- Fitxa teknikoa:

32. Bidasoa-Irun: Leo Maciel, Skrzyniarz (atezainak), Xabi Gonzalez (2), Esteban Salinas (4), Rodrigo Salinas (1), Mujika (2), Nevado (5), Peciña, Furundarena, Valles (3, 1 de pen.), Dariel Garcia (5), Gorka Nieto (3, 2 penaltiz.), Xabi Tua (3), Jevtic (1), Tito Diaz (1), Matheus da Silva (2).

33. Flensburg-Handewitt: Buric, Kevin Möller (atezainak); Pytlick (4), Golla (3), Kirkelökke (3), Grgic (8), Tönnesen (1), Horgen, Volz, Jakobsen (10, 5 penaltiz), Knutzen, Blagotinsek, Novak (3), Lasse Möller (1).

Epaileak: Ozren Backovic eta Miko Palckovic (Eslovenia). Jevtic, Nevado, Peciña, Dariel Garcia, Blagotinsek, Tönnesen eta Golla egotzi dituzte.

Markagailua bost minuturo: 2-1; 4-5; 8-8; 10-10; 13-14; 17-17- atsedenaldia- 21-18; 23-20; 26-24; 30-26; 30-30; 32-33.

Artaleku kiroldegian 1.600 zale inguru bildu dira.