EHF Europa Liga
Bera Berak lehen kolpea eman du Dijonen aurkako kanporaketan (22-19)
Agentziak | EITB
Donostiako taldeak 22-19 irabazi dio Dijon talde indartsuari, eta hiru goleko errenta izango du Frantzian jokatuko den itzuliko partida erabakigarrian.
Bera Bera eta Dijonen arteko partida. Argazkia: @ehfel_official
Super Amara Bera Berak 22-19 garaitu du Dijon ahaltsua gaur Donostian, eta hiru goleko abantailarekin jokatuko du EFH Ligako multzoen fasera sailkatzeko kanporaketaren itzuliko partida datorren asteburuan, Frantzian.
Imanol Alvarezen taldeak lan handia egin du defentsan, eta hori erabakigarria izan da. Carmen Arroyo bikain aritu da atzealdean, Nicole Wigginsek eta Lucia Pradesek geldiketa erabakigarriak egin dituzte, eta Elke Kartsten eta Elena Amores, berriz, oso ondo ibili dira erasoko jokoan.
Dijon ere ondo aritu da defentsan, eta, ondorioz, lehen zatia oso parekatua izan da. Horrela, neurketa bigarren zatian erabaki da.
Frantziako taldeak aurrerapausoa eman du, eta Bera Berak Tchapchetek penaltiz egindako jaurtiketekin erantzun dio.
Norgehiagoka amaitzeko 15 minutu falta zenean, Dijonek berdinketa lortu du (16-16), eta etxeko taldea estutu du. Alabaina, pabiloian bildutako ikusleen animoek hauspotuta, Bera Bera aurretik jarri da berriro. Arroyok (2) eta Amoresek sartu dituzte golak (19-16).
Azken minutuak oso biziak izan dira. Dijonek aldea bi golera murriztu du, baina Tchapchetek beste gol bat sartu du, eta 22-19 bukatu da partida.
Kanporaketa datorren asteburuan erabakiko da, Dijonen etxean, Frantzian, baina Bera Berak garaipen garrantzitsua lortu du gaur, eta hiru goleko errenta izango du partida erabakigarrian.