HIRUGARREN KANPORAKETA
Beti-Onakek 30-26 menderatu du Winterthur, European Cup txapelketako joanekoan
A. A. | EITB
Atarrabiako taldeak altxor ederrarekin egingo dio aurre igande honetan bertan jokatuko den itzulerako neurketari.
Beti-Onak vs Winterthur. Argazkia: @Beti_guerreras
Replasa Beti-Onak 30-26 nagusitu zaio Suitzako Yellow Winterthur taldeari larunbat honetan, EHF European Cup txapelketari dagokion hirugarren kanporaketako joaneko neurketan.
Atsedenaldira gol bateko errentarekin iritsi da Nafarroako taldea (12-11), nahiz eta hiru goleko tartea zabaldu duen zenbait unetan hasierako txanpan (6-3 eta 7-4). Bigarren zatiko hasieran, ostera, beste martxa batekin kantxaratu dira etxekoak, eta berehala egin dute zuloa markagailuan, sei goleko errenta lortzeraino (24-18, 46. minutuan). Hortik eta aurrera, erabat kontrolpean izan du lehia Miguel Etxeberriak entrenatzen duen taldeak, eta, azkenerako, lau goleko aldearekin bereganatu du norgehiagoka.
Bi taldeek hala adostuta, kanporaketako bi partidak Atarrabian jokatuko dira asteburu honetan, Indurain anaiak kiroldegian (itzulikoa Suitzan zen jokatzekoa), eta, hartara, bihar bertan (azaroak 16) jokatuko da itzulikoa, 18:00etatik aurrera.
Kanporaketa hau gaindituz gero, talde nafarra final-zortzirenetara igaroko da.