Eskubaloia
Bera Bera Europa Ligatik kanporatu dute; Beti-Onakek, berriz, aurrera egin du Europako Kopan
G. P. A. | EITB
Bera Bera eta Dijonen arteko kanporaketa penaltietan erabaki da (30-26). Beti-Onakek, ostera, kanporaketako bi partidak irabazi dizkio Yellow Winterthur taldeari, eta Europako Kopako final-zortzirenetan izango da.
Yellow Winterthur eta Beti-Onak taldeen arteko partidako irudia. Argazkia: @Beti_guerreras
Super Amara Bera Berak ez du EHF Europa Ligako multzoen fasea lehiatuko, JDA Dijon taldeak kanporatu egin baitu, igande honetan Frantzian jokatu duen partida erabakigarrian.
Imanol Alvarezen taldeak hiru goleko abantaila lortu zuen joaneko neurketan, Donostian, Dijoni 22-19 irabazita. Edonola ere, itzuliko norgehiagoka gogorra izan da, Dijon oso talde indartsua baita.
Bigarren zatian, bost goleko aldeagatik joan da galtzen Bera Bera, eta, ondorioz, hainbat minutuz kanporatuta egon da.
Hala ere, azken txanpan, aldea hirura murriztea eta kanporaketa berdintzea lortu du. Neurketa 27-24 amaitu denez, penaltietan erabaki da irabazlea. Hiruna jaurtiketa egin dituzte. Dijonek hirurak sartu ditu; Bera Berakoak, berriz, ez dira gai izan gol bat bera ere egiteko.
30-24 amaitu da itzuliko partida, eta, horrenbestez, Donostiako taldea EHF Europa Ligatik kanpo geratu da. Kolpe handia izan da, baina dena eman dute, eta ezin da gehiago eskatu.
Beti-Onak, Europako Kopan aurrera
Bestalde, Replasa Beti-Onakek aurrera segitzen du Europako Kopan, Suitzako Yellow Winterthur taldea kanporatu eta gero.
Kanporaketako bi partidak asteburu honetan jokatu dira, Atarrabiako Indurain anaiak kiroldegian, eta talde nafarra nagusitu da bietan. Atzo 30-26 gailendu zen, eta gaur 27-25 irabazi du.
Horrela, bada, Beti-Onak Europako Kopako final-zortzirenetarako sailkatu da.