Munduko Eskubaloi Txapelketa
Espainia eta Danimarka, Munduko Eskubaloi Txapelketako finalera
Erredakzioa
Julen Aginagalderen Espainiako selekzioa, Esloveniari irabazita, Danimarkako selekzioaren kontra arituko da, igandean, 17:15ean.
Espainia eta Danimarka urrezko dominaren lehian arituko dira, Munduko Eskubaloi Txapelketaren finalean, final-erdiak argi eta garbi irabazita. Txapelketaren azken partida Bartzelonako Palau Sant Jordin jokatuko dute, igandean, 17:15ean.
Espainiako eskubaloi selekzioak etxeko Munduko Txapelketaren finala jokatzeko ametsa beteko du, Esloveniari nagusitasunez irabazita (22-26). Julen Aginagalderen taldea erraztasunez nagusitu zen. Sterbik atezainaren sendotasunak Espainia aurretik mantentzen lagundu zuen. Espainiako selekzioak erlaxatuta jokatu zituen azken minutuak, bigarren zatian zehar lortutako abantailari esker.
Danimarkak, bere aldetik, hasieratik hartu zuen mendean Kroazia (30-24), Landinek atean erakutsitako segurtasunari eta Eggerten (9 tantu 11 saiakeretatik) eta Noddesboren jokoari esker. Kroaziak agur esan dio Munduko Txapelketari, aurreko partidak galdu gabe.
Danimarkako hautatzaileak, Ulrik Wilbekek, Espainia faboritotzat hartu du: "Oso zaila izango da. Etxean jokatzen dute eta oso partida azkarra izango da. Berdindua eta ingeresgarria izango da lehia". Espainiako selekzioaren jokalariek laguntza eskatu diote publikoari, Esloveniaren aurka harmailak hotzegi egon zirela iritzita. Victor Tomas kataluniarrak Palau Sant Jordi "beroago" egotea espero du, Espainiari Munduko Txapelketa batean bigarren urrea lortzen laguntzeko.