Jauzi estratosferikoa
Baumgartnerrek 1.357,6 kilometro orduko abiadura harrapatu zuen
Erredakzioa
Kirolariak minutuko 185 taupada izan zituen, eta 25,2 segundo grabitaterik gabe eman zituen jauziaren hasieran.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Felix Baumgartner kirolariak soinu-langa aurrikusi baino abiadura handiagoan hautsi zuen bere jauzi estratosferikoan, Red Bull Stratos misioko zientzialari taldeak jakitera eman duenez.
Horrela, Baumgartnerrek 1.357,6 kilometro orduko, 1,25 Macheko, abiadura harrapatu zuen. Aurreneko datuek 1.342,8 kilometro orduko, 1,24 Macheko, abiaduran erori zela azaldu zuten.
Estratosferatik egin zuen jauziaren altitudea ere zuzendu dute. Hasiera batean 39.045 metrotik salto egin zuela jakitera eman zuten, baina behin betiko datuek 38.969,4 metrotik jauzi egin zuela baieztatu dute.
Gainera, Austriako kirolariak minutuko 185 taupada izan zituen kapsulatik atera zenean. Jaitsieran 155-175 bitartean mantendu zen.
Era berean, Baumgartnerrek 25,2 segundo grabitaterik gabe eman zituen jauziaren hasieran. Ondorioz, airean biratzen eta itzulipurdika hasi zen, baina austriarrak jaitsiera egonkortzea lortu zuen, eskarmentu handiko paraxutista baita.