Maider Undaren adierazpenak
'Ezin zaio kirol honi Olinpiar Jokoetara iristeko ametsa lapurtu'
Erredakzioa
Nazioarteko Olinpiar Batzordea borroka egitarau olinpiarretik kanpo uzteko aukera aztertzen ari da, eta arabarra kezkatuta eta harrituta agertu da.
Maider Unda, Londreseko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu zuen borrokalari arabarra, emaitza bikainekin itzuli da lehiaketara berriki eta epe motzean izango duen helburura buru-belarri prestatzen dihardu, hain zuzen ere, bi aste barru Georgiako hiriburuan jokatuko den Europako txapelketa. Hala ere Oletakoa harrituta azaldu da agertu berri diren albisteekin non Nazioarteko Olinpiar Batzordea borroka egitarau olinpiarretik kanpo uzteko aukera aztertzen ari den.
Londreseko Jokoen ondoren goi mailako lehiaketari agur esateko asmoa azaldu zuen arren lortutako dominak etorkizuna berriz planteatzea eragin zuen. Basque Team-en babespean ari den arabarrak bikain ekin dio berriz ere lehiaketari; otsailaren 17an itzuli zen Suediako Klippan Lady Open txapelketa entsutetsuan brontzeko domina eskuratuz eta aurreko asteburuan Espainiako txapelduna bilakatu da Murtziako San Javier herrian, ordura arte 13 aldiz irabazitako titulua.
Bere hurrengo helburua prestatzen ari dela, martxoaren 19tik 24ra bitartean Tblisin (Georgia) jokatuko den Europako txapelketa, Basque Team-entzat egin berri ditu adierazpenak. Bere itzuleraren inguruan "arduratuta nengoen mentalki eta fisikoki zein baldintzetan bueltatuko nintzatekeen, ez baitakizu hainbeste denbora lehiatu gabe egon ondoren nola erantzungo duen gorputzak, edota mentalki ere maila onean egongo zaren, edota nola dauden aurkariak. Beldur gehiena horrek ematen zidan, ziurgabetasunak", esan digu borrokalariak. Lehen bi probak ikusita aitortu du “gustora eta gozatzen aritu dela, eta presio gutxiagorekin”.
Bestalde ardura azaldu nahi izan du bere kirolak izan dezakeen etorkizunarekin, NBOaren Batzorde Exekutiboak 2016ko.Rioko Jokoen ondoren borroka Jokoetako egitarau iraunkorretik kanpo uzteko proposamena luzatu eta gero. Erabakia momentuz behin-behinekoa da 2013ko irailean Buenos Airesen egingo den NBOren 125. bilkuran azken berrespena heldu arte.
35 urteko borrokalari euskaldunak azken helburua izango du Rio 2016ko hitzordua baina gaineratu duenez "lehen erantzuna sorpresa izan da, ezin duzu sinistu borroka moduko kirol bat Jokoetatik kanpo uzteko idea aztertzen ari direnik ere, betidanik egon baita olinpismoan". Ildo beretik jarraituz Maiderren hitzetan "ezin zaio kirol honi Jokoetara iristeko ametsa lapurtu, lan egin behar dugu hori ez gertatzeko, borrokaren biziraupena Jokoetara lotuta baitago eta helburu hori kendu ezkero ilusioa, motibazioa eta indarra kentzen zaio, jasotzen dituen laguntzekin batera eta jende gehiagok borroka hurbiltzeko aukera ere".