Erroman
Pietro Mennea atleta ospetsua hil da, 61 urte zituela
Erredakzioa
Atletismoan ospea lortu zuen 70ko eta 80ko hamarkadetan, eta 1979an 200 metrotako marka hautsi zuen, 19.72 eginda. Markak 1996an gainditu zuen Michael Johnsonek 19.66ko denborarekin.
Pietro Mennea atleta italiarra hil egin da 61 urte zituela, gaixotasun larri batek jota. Meneak 200 metroko munduko marka izan zuen 17 urte luzez.
Atletismoan ospea lortu zuen 70eko eta 80ko hamarkadetan, eta 1979an 200 metrotako marka hautsi zuen, 19.72 eginda. Markak 1996an gainditu zuen Michael Johnsonek 19.66ko denborarekin.
Zazpi atleta bakarrik izan dira gai Menneak 1979an ezarritako errekora gainditzen. Azkena, Usain Bolt jamaikarra, errekor berria 19.30ean ezarrita.
Orain gutxi arte ere beste marka bat indarrean izan du italiarrak, 150 metrotakoa, alegia, 1983an ezarri zuen. Boltek du orain marka berria, 14.35 denboran.
Mennearena izen handia da Italiako eta mundu osoko atletismoan. 1988ko Joko Olinpikoetan erretiratu zen, Seulen, eta abokatu lanetan hasi zen. Politikan ere aritu zen, ezker-zentroko alderdietan, eta Europan diputatu ere hautatu zuten.
"Hegoaldeko gezia"
Mennea,"Hegoaldeko gezia" ezizenaz ezaguna, Italiako hegoaldeko Barletta herrian jaio zen 1952ko ekainaren 28an. 1971 egin zuen debuta profesionaletan eta Joko Olinpikoetan urrea lortu zuen 200 metrotan (1980), eta bi brontze, beste brontze bat 1972an eta beste bat 4x400 errelebotan (1980).
Munduko txapelketetan, berriz, brontzea lortu zuen 200 metrotan (1983) eta zilarra 4x100 proban (1983). Europako txapelketetan urrezko hiru domina irabazi zituen, bi 200ekoan eta beste bat 100 metrotan, zilarrezko bi domina (100 eta 4x100) eta brontze bat (4x100).