2012
Basque Teameko kirolariek egindako denboraldiaren balantzea
Erredakzioa
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kiroletako zuzendariak Londreseko Olinpiar Jokoetan eskuratutako emaitza onak nabarmendu ditu.
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kiroletako zuzendariak, Euskadi Kirola Fundazioak goi mailako euskal kirola bultzatzeko darabilen Basque Team markaren barruan diruz lagunduta jardun duten kirolarien iazko emaitzei buruzko balantzea aurkeztu du gaur. 2012an izandako lorpenei buruzko balorazioan, Londreseko Jokoetan erdietsitako emaitza bikainak nabarmendu behar dira: sei domina eta beste horrenbeste diploma kirolari olinpiko eta paralinpikoen artean.
Olinpiar joketan lortutako brontzezko dominak (Maider Undak borroka librean, Maialen Chourrautek piraguismoan, eta Eli Pinedok eta Patricia Elorzak saskibaloi-taldeko gainerako kideekin batera) egundo ez bezalako arrakasta dira 2.200.000 biztanle eskas dituen erkid ego batentzat, eta nazioarteko potentzia gorenetako batzuek lortutako ratioaren gainetik daude. Domina horiei gaineratu behar zaizkie Ainhoa Murua triatletak, Pablo Carrera tiratzaileak eta Ander Elosegi eta Samuel Hernanz piraguistek lortutako diploma olinpikoak.
Lehiaketa paralinpikoan, arrakasta Richard Oribe igerilariaren eskutik heldu zen, zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu baitzuen. Honekin batera, kirol egokituaren arloan, Ander Romarate igerilariak eta Victor Hugo Garrido txirrindulariek lortutako diplomak ere nabarmendu behar dira.
Nabarmentzeko moduko beste kirolari batzuk
Lehiaketa olinpikotik at, Basque Teamen bekaz lagundutako zenbait kirolarik kirol maila bikaina dutela frogatu zuten han-hemenka lortutako aintzatespenen bitartez. Horrela, Elaia Torrontegi teakwondistak zilarrezko domina eskuratu zuen Manchesterren jokatutako Europako Txapelketan; Eunate Agirrek hirugarren postua lortu zuen munduko bodyboard txapelketan; Ene ko Llanos bigarrena izan zen munduko triatloi txapelketan eta Virginia Berasategi laugarrena lehiaketa berean, Gasteizen; Amador Granadosek brontzezko domina jantzi zuen Los Angelesen antolatutako munduko pistako txirrindularitza txapelketan, taldekako abiadura delako espezialitatean; eta Iker Martinez eta Xabi Fernandez nabigatzaileak munduko estropadalari onenak izendatu zituen Nazioarteko Bela Federazioak. Horiekin batera, Basque Teami atxikitako Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleak protagonista izan zituen Nuptserako Naturgas/BBK espedizioa ere nabarmendu behar da. Gailurra jotzea lortu ez zuten arren, alpetar estiloko erronka erraldoi hau euskal mendizaletasunaren 2012ko gertakaririk handienetakoa bilakatu zen.
Saria lortu duten kirolari horiei sostengua emateaz gain, eliteko euskal kirolaren aldeko Fundazioak aintzakotzat hartu nahi izan du bere kirolari guztien ahalegin eta jarduna. Ildo horretan, iaz erretiratu zen Eneritz Itur riaga txirrindulariaren karrera aparta eta errepidean entrenatzen ari zela hil zen Iñaki Lejarreta txirrindulariaren omenezko ekimenak gauzatu ditu.
Bosgarren jarduera-urtean, Basque Teamek 23 diziplinatako 45 kirolari eta 16 entrenatzailerentzako bekak mantendu ditu 2012an, eta horrekin batera, Fundazioak diruz lagundu ditu lehentasunezkotzat jotzen dituen kirol-taldeak, hala nola, Bera Bera emakumezkoen saskibaloi taldea, Real Sociedad nesken hockey taldea, Cespa Euskadi pistako txirrindularitza taldea, Iker Martinezen olinpiar bela taldea edota Xabi Etxaniz buru duen slalomeko piraguismo taldea.
2013rako ekarpena eta Rio 2016 Plan Estrategikoa
Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Euskadiko Kirolaren arduradun gorenek berretsi egin dute Basque Team eliteko euskal kirolaren sostengu nagusitzat mantentzearen aldeko apustua, egungo egoera ekonomiko latzaren gainetik. Gaur bertan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak maila goreneko kirolarie ntzako 2013ko bekak eskuratzeko baldintzak argitaratu ditu.
Horren haritik, aurtengo ekitaldirako aurreikuspenen arabera, Euskadi Kirola Fundazioak 1,5 milioi euroko aurrekontua izan lezake, eta dirutza horren zatirik handiena, 910.000 euro, Eusko Jaurlaritzak jarriko luke, %20tik gorako murrizketaz. Goi mailako kirolari zuzendutako beka eta dirulaguntzetarako, Jaurlaritzak 826.000 euro emango ditu, 2012an baino %14 gutxiago. Nolanahi ere, beketarako aurrekontuaren jaitsiera hori dexente motelagoa da, ehunekoei erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko aurrekontuetan aurreikusitako beherakada osoa baino. Bestalde, Basque Team ereduak babesle pribatuekiko lankidetza-bideak bilatu ditu sortu zenez geroztik, eta ahalegin hori oso arrakastatsua izan da orain arte.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek iragarri dute 2013a giltzarrizko urtea izango dela Rioko 2016ko Jokoetarako plan estrategikoa zehazte alderas. Hurrengo hitzordu olinpikoak aparteko e rronka izango dira, Euskadin azken hamarkada hauetan gertatu den jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz.