Tiroa
Pablo Carrerak 'mailarik gorenera' iristea espero du
Erredakzioa
Bilbotarra pozik azaldu da Londresen lortutako diplomarekin eta hurrengo bi Jokoetan postua hobetzea espero du.
Airezko 10 metroko pistola saioan Londresen olinpiar diploma lortu zuen Pablo Carrera tiratzaileak nazioarte mailako onentsuenen artean dagoela erakutsi du aurten ere, Europako txapelketan brontzezko domina eskuratuz. Basque Team-en babespean ari den bilbotarra pozik azaldu da azken bi lorpenekin baina epe luzera ezarri ditu hurrengo helburuak.
Madrilgo Blume erresidentzian Basque Team-i egindako adierazpenetan Jokoetan lortutako diplomaren inguruan zera aipatu du, “emaitza bikaina da, kontutan izanda nire lehen parte hartzea izan zela eta helburua finalean egotea nuela.
Gainera Rion eta beharbada 2020ko Jokoetan ere emaitza hobeago bat lortzeko atea izan daiteke, tiroa kirol olinpiarren artean jarraitzen baldin badu, eta nik orain arte entrenatzeko eta lehiatzeko izan ditudan baliabideak mantendu ezkero
Dena dela Carrerak jakin badaki zailtasunak egongo direla: “Kirol minoritarioa da hau, gutxi zabaldu dena eta askok gaizki ikusia. Egoera ekonomikoak ez du laguntzen babesleak lortzerako garaian eta hauek gabe ezin dugu nazioarte mailako lehiaketetara joan, dominak lortzeko ezinbesteko esperientzia dena”. Edozelan ere euskal tiratzailea ulerkor azaldu da egoerarekin, “bizi dugun egoera ekonomikoa ikusita” eta edozein kasutan “nire esfortzu pertsonala jarriko dut, ditudan baldintzekin ahal dudan emaitzarik onenak lortzen saiatuko naiz” aipatu du.
2013. urtea transiziozkoa izango dela uste du Pablok Olinpiar Jokoen ondoren eta epe honetan duen maila hobetzen saiatuko dela adierazi du, Munduko Kopako ahalik eta proba gehienetan parte hartuz eta era berean Europa nahiz Munduko txapelketetan, beti ere Rio 2016ko helburuarekin.
Parte hartzen duen bi diziplinen inguruan-50 metroko pistola librea eta 10 metroko aire konprimitukoa- ondorengoa esan digu Carrerak: “antzekoak dira baina badago aldea, bietan saiatu beharra daukat, bietan lortu baitezaket emaitza ona eta azkenaldian bazterrean utzi dudan librean gehiago saiatu beharra daukat”
Oso zabaldua ez dagoen diziplina ahalik eta gehien hedatzeko bilbotarra prestu azaldu da “beste herrialde batzutan oso popularra den kirola hemen ere ahalik eta irudi onenarekin zabaltzeko lan egin beharra dago. Alemanian, esaterako, federatu mordoa dago, tiroko Bundesliga jokatzen da eta telebistek ematen dituzte txapelketak, gauza bera Noruega eta Finlandian. Hemen jendearengana errazago iristeko ere lehiaketako araudia aldatu da erakargarriago eta ulerterrazagoa egiteko telebistari begira”
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak hartutako azken erabakien inguruan ere mintzatu da Pablo, eta ildo horretan borroka librea Jokoetatik kanpo geratzeko arriskua baloratu du. Zentzu horretan Carreraren ustez “Jokoetan profesionalak ez diren kirolak egon beharko lirateke, esfortzua eta gainditze pertsonala lehenesten dituzten kirolak alegia”.
Pablo Carrera (Bilbo 1986/8/2) Tiro Olinpiarreko bi diziplinatan hartzen du parte. Airezko 10 metroko pistolan, aire konprimituko eta 4,5 mm-ko kalibredun armarekin zutik egiten den saiakera da eta 10x10 zm-ko itua dute helburu tiratzaileek 10 metrora. Jaurtitzaileak ordu bat eta 45 minutu ditu nahi adina jaurtiketak egiteko eta ondoren puntuagarriak diren 60 jaurtiketak egin ahal izateko.
50 metroko pistolan berriz, munizio arrunta erabiltzen da, 22LR kalibreduna, eta itua berriz 50x50 zm-koa eta 50 metrora. Diziplina honetan bi orduko tartea daukate tirotzaileek lehiaketarako baliagarriak diren 60 tiroak egiteko.
2006tik ari da lehiatzen nazioarte mailan eta normalean kirol bizitza luzeko kirol honetan bere gaztetasuna nabarmena da oso, Olinpiar Joko, Europa eta Munduko txapelketetan parte hartzen dutenen bataz besteko adina 30 urte ingurukoa da eta. 2009an 6. Izan zen 50 metroko Europako txapelketan eta urtebete geroago 12. izan zen 10 metroko Munduko txapelketan. Londresera bere ibilbideko emaitzarik onena lortuta heldu zen, Vierumakin (Finlandia) 10 metroko proban eskuratutako urrezko domina 2012ko Europako txapelketan.