Itxi

Emakumezkoen Errugbia

Barbara Plak World Series txapelketan parte hartuko du Espainiarekin

Erredakzioa

Jatorriz kataluniarra den arren aspaldi bizi da Bizkaian eta Getxo Rugby Taldeko haztegiko jokalaria da. 2008an Europako txapelketako jokalaririk onenaren saria lortu zuen.

Emakumezkoen euskal errugbiak ordezkari bat izan dezake hurrengo Olinpiar Jokoetan Barbara Plaren bitartez. Bizkaian aspaldi bizi den kataluniarra Getxo Errugbi taldean lehiatu da azken urteetan. Basque Teamen babespean ari den kirolariak World Series txapelketara abiatu aurretik egin berri ditu adierazpenak, Estatuko selekzioarekin kontzentrazioa egin aurretik. Mundu mailako torneorik garrantzitsuena da gaur egun eta hurrengo edizioetan 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetarako zenbait txartel banatu ditzake.

Barbara Pla (1983/07/17) hiru laurdenetako lerroko zentral postuan aritzen da normalean Getxo Rugby Taldean. Nazioarte mailako txapelketetan aspaldi ari da Espainiako selekzioarekin, hamabostekoan eta baita zazpikoan ere, eta hilaren 28an Dubain hasiko den World Series txapelketarako sailkapena lortu du azken hilabeteetan.

2008an Amsterdamen jokatutako Europako Txapelketako jokalaririk onena izendatu zuten hamabostekoan. Denboraldi honetan Europako Txapelketa ere jokatu du, laugarren postua lortu zuen taldean oinarrizko lana eginez.

Jokoetara itzuliko da errugbia Rio 2016an, zazpikako modalitatean. Bostgarren aldiz hartuko du parte egitarau olinpiarrean, azkenengoz Parisen izan zen 1924an. Espainiako selekzioa World Series torneoan arituko da azken Mundialean lortutako laugarren postu bikainari esker. Txapelketako lehen saioa Arabiar Emirerri batuetan jokatu da (Dubai, azaroaren 28-29an), ondoren AEBetan (Atlanta, otsailaren 15-16an), Brasilen (Sao Paulo, maiatzaren 16-17an), Txinan (Guangzhou, apirilaren 5-6an) eta Herbereetan (Amsterdam, maiatzaren 16-17an). Zazpikako mundu mailako hamabi talderik onenak biltzen ditu txapelketak. Rio 2016rako sailkatzeko irizpideak jakitera eman ez diren arren baliteke World Series torneoa izatea Jokoetarako txartela eman dezakeen lehiaketako bat.

Gizonezkoetako World Series txapelketan egiten den antzera, lehiatzen diren hamabi taldeetatik zortzik ziurtatuta dute parte-hartzea 2013ko Munduko Kopako final laurdenetara iristearekin: Australia, Kanada, Ingalaterra, Zeelanda Berria, Irlanda, Errusia, Espainia eta Ameriketako Estatu Batuak. 2013-2014ko torneo guztietara gonbidatu dute Brasil, eta herrialde ezberdinetako beste hiru taldek sailkapena irabazi dute.

Getxo Errugbi taldeko jokalariak Hobekuntza Teknikorako Zentroan egin berri ditu adierazpenak World Series txapelketaren inguruan eta baita Jokoetarako sailkatzeko dituzten aukeren gainean.

"Aldaketa garaia da taldean, jokalari eta entrenatzaile berriak daude eta egokitzea tokatzen zaigu. Oso gutxi jokatu dugu elkarrekin; World Series izango da talde honentzat aurreneko txapelketa elkarrekin eta badugu zalantza bat edo beste. Txapelketa berri da, bost egoitza dituen liga mundiala eta egoitza bakoitzean zortzi taldek osatzen dute torneoa. Espainiak postu finkoa dauka eta bertan talderik onenak daude, sinestezina da jokalari batentzat han egotea. Zale asko biltzen dira eta sekulako giroa dago, hasteko irrikan gaude. Errugbiaren elitean aritzea da, eta Espainia puntako potentzia ez den arren, ez ditugu Ingalaterrak edota Zeelanda Berriak dituzten ligak edo fitxak, komeni zaigu tren hori harrapatzea urtero selekzio onenekin indarrak neurtzeko aukera izateko".

Orain arte, errugbia ez zegoen Olinpiar Jokoen egitarauan, eta, hortaz, ez genuen helburu hori planteatzen. Espainian zazpiko errugbiak sekulako hazkundea izan du, elitean gure txokoa topatu dugu, eta, egitarau olinpiarrean sartu den unetik Rion egoteko aukera zaila den arren, ez litzateke ametsa izango. Badakit zer den kirol batentzat Jokoetan egotearen oihartzuna; beraz, aukera aprobetxatu behar dugu, eta, bitartean, errugbiaz gozatu.

World Seriesetan gizonezkoekin alderatuta dugun oihartzun mediatikoaz konturatzen zara, zenbait egoitzatan bat egiten baitugu. Aldea handia dago emankizunei, babesleei eta txapelketaren inguruan antolatzen den zirkuari erreparatuz gero.

"Emakumezkoen euskal errugbiaren inguruan uste dut badagoela talentua, baina lanean jarri beharra dago eta ez ditut federazioak esfortzua egiteko jarrerarekin ikusten. Hemengo Klubetan ez dago maila handirik teknikoen artean. Beraz, aukerak dituzten jokalariak badaude baina teknikoki eguneroko lanaren gabezia dago".