Bat Formula
Michael Schumacher koman dago, egoera kritikoan
Natxo Velez | eitb.com
Medikuek Bat Formulako pilotu ohiari garuneko ebakuntza bat egin diote, eta haren egoera "kritikoa" da, Frantziako Alpeetan eskiatzen ari zela istripua izan eta buruan kolpe bat hartu eta gero.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Michael Schumacherren, Bat Formulako txapelketa zazpi aldiz irabazi zuen pilotu alemanaren, "egoera kritikoa" da eta bere bizitza arriskuan dago, "garuneko lesio larriak" baititu, Grenoble Frantzia ekialdeko hiriko ospitaleko medikuek iragarri dutenez. Hain zuzen ere, neurokirurgiako ebakuntza bat egin diote, igandean eskiatzen ari zela istripua izan eta gero.
"Egoera kritikoan dago, oso larri. Zalantzazkoa da bizirik jarraitu ahal izango ote duen", esan du Jean-François Payen kirolari ohia artatzen ari den doktoreak.
Medikuek esan dutenez, oraingoz ezin dute txapeldun alemaniarraren etorkizunari buruzko informaziorik eman. Kaskoa jarrita bazeraman ere, oso talka gogorra hartu zuen buruko eskuinaldean Bat Formulan beste inork baino garaipen gehiago erdietsi dituen kirolariak, eta "egoera begetatiboan" iritsi zen ospitalera.
Alemaniarrari garuneko ebakuntza bat egin diote, ospitaletik adierazi dutenez (eta ez bi, hainbat hedabidek zabaldu dutenez), eta, zentro medikora heldu zenean, "garezurreko traumatismo larria zuen eta koman zegoen". Koma egoeran eta hipotermiaz mantentzen ari dira, "garuneko lesio larriak" ez areagotzeko.
Erorikoa igandean izan zen, 11:00etan, Meribel Alpeetako eski estazioan: pistetatik kanpo jaitsiera bat egiten ari zenean (eskiatzaile aditua da), buruaz arroka bat jo zuen, aldean 14 urteko semea zuela. Schumacherrek kaskoa jarrita zeraman ("bestela hilda legoke", doktoreen iritziz), eta ez semeak ez beste inork ez zuten minik hartu. Sorospen zerbitzuek Moutierseko ospitalera eraman zuten pilotu ohia.
Hala ere, bi ordu geroago, zauri larriak ikusita, Grenobleko ospitalera eraman zuten helikopteroz.
Artegatasuna eta itxaropena
Pilotu askok babestu dute kaiser-a bizirik jarraitzeko borrokan. Sebastian Vettelek, lau aldiz txapelketa irabazi duen pilotuak, hitz batzuk idatzi ditu herrikidearentzat –"aita bat bezalakoa", esan du-, Twitterreko bere kontuan; "inoizko Sari Nagusi garrantzitsuena irabaztea" opa dio txioan.
Fernando Alonsok, Schumacher-Ferrari bikoaren lau urteko erregealdiari azkena eman zion gidariak, ere hitz egin du, eta laster haren egoeraren inguruko berri onak entzun nahi dituela adierazi du.
Felipe Massa eta Rubens Barrichello brasildarrek eta alemaniarraren beste kide ohi askok haren alde otoitz egiten ari direla iragarri dute.