Australiako Irekia
Wawrinkak irabazi du Australiako Irekia, Nadalen aurka
Erredakzioa
Suitzako tenislariak ustekabea eman du eta bere lehenengo Grand Slama irabazi du. Rafa Nadalen lesioak partida baldintzatu du.
Stanislak Wawrinkak irabazi du Australiako Irekiaren finala, lesionatuta jokatu duen Rafa Nadalen aurka, 6-3, 6-2, 3-6 eta 6-3 emaitzarekin, 2 ordu eta 21 minutuen ostean, eta bere lehenengo Grand Slam eskuratu du.
Suitzako tenislariak, Djokovic final-laurdenetan eta Berdych finalerdietan kanporatu ostean, munduko onenari ere irabazi dio, nagusitasunez gainera. Nadalek hirugarren seta irabaztea lortu du, norgehiagokari emozioa emateko eta bukaerara arte borrokatzeko aukerak zabaltzeko. Balear Uharteetako tenislariari bi masaje egin behar izan diote pistan, eta aldageletan sartu da bi aldiz.
Nagusitasunak eragindako presioa sentitu du Wawrinkak, baina laugarren setean urduritasuna kontrolatu eta neurketa erabakita utzi du, Rafa Nadal zuzeneko 19 sakerekin estu hartuz. Bere lehenengo Grand Slam irabazi du suitzarrak, eta ondorioz, Roger Federer baino puntu gehiago izango ditu nazioarteko sailkapenean (5.710 puntu).
Rafa Nadalek ezin izan du Grand Slam guztiak bi aldiz irabazi, baina lehenengo postuan jarraitzen du, 14.330 punturekin.