Itxi

Sotxi 2014

De la Cuesta eta Rojo, berriro ere lehian

Erredakzioa

Alpetar eskiko Jaitsiera Super Konbinatuan eta iraupen-eskiko 15 kilometrokoan hartuko dute parte.

Paul de la Cuesta. Argazkia BAT, Basque Team

Paul De la Cuesta eta Imanol Rojo, Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzen ari diren hiru euskaldunetatik bi, ostiralean lehiatuko dira; eski alpinoan (pistako eskia), Super Konbinatuan, bata, eta eski nordikoan (iraupen-eskia), 15 kilometroko proban, bestea.

Basque Teamen babespean ari diren bi kirolariek igandean izan zuten estreinako saioa Sotxin, eta, horiez gain, Super Erraldoia eta Erraldoia (De la Cuesta) eta 50 kilometroko proba (Rojo) jokatu behar dituzte oraindik.

Paul De la Cuesta (Donostia, 1988/11/28) Rosa Kuthor guneko pistetan arituko da Super Konbinatuan, 11:00etatik aurrera (hiru ordu gutxiago Euskadin). Diziplina honek jaitsiera (ohikoa baino motzagoa) eta saio bakarreko slalom-a uztartzen ditu. Egun berean bi jaitsiera egiten dira eta ezarritako bi markak hartzen dira kontuan sailkapena egiteko. Donostiarra lehenengoz arituko da Neguko Olinpiar Jokoetan modalitate honetan, baina 2013ko Munduko Txapelketan 18. amaitu zuen.

Imanol Rojo (Tolosa, 1990) eski nordiko edo iraupen-eskiko eskiatzailea, aldiz, 15 kilometroko proban ariko da, 14:00etan hasita, Laura Center eremuan. Proba honetan, 30 segundoko tartearekin bakarka ateratzen dira eskiatzaileak, denboraldi osoko sailkapenean lortutako postuak kontuan hartuta atzetik aurrera eginez. Saio honetan, eskiatzaileak erraztasunak eman behar dizkio segika duenari atzetik etorrita harrapatu eta aurrera egin nahi badu. Proba hori egin ondoren, Imanoli 50 kilometrokoa baino ez zaio faltako, otsailaren 23an Neguko Olinpiar Jokoei amaiera emango dien "maratoia".

Albisteak (1)

Bideoak (2)