Parisen
Nazioarte mailako lehiaketara itzuliko da Maider Unda asteburu honetan
Erredakzioa
Erronka bikoitza izango du borrokalari arabarrak, pisu berrira eta borroka saioen iraupen berrira egokitzearekin, bere arerioak iaztik arau berriekin lehiatzen ari diren bitartean.
Maider Unda, olinpiar dominaduna 2012ko Londreseko Jokoetan, nazioarte mailako txapelketetara itzuliko da asteburu honetan amatasunaren ondorioz egindako etenaldiaren ondoren. Irailean jaio zen bere alaba Iraide eta irailean bertan ekin zion berriz entrenatzeari Luis Crespo bere prestatzailearen aginduetara, biak 2016ko Rioko Jokoei begira jada.
Pariseko hitzorduaren atarian arabarrak Basque Team fundazioarentzat hitz egin du. Frantziako hiriburuko Grand Prixa larunbatean eta igandean jokatuko da eta bertan itzuliko da Maider tapizera eta ez nolanahiko berritasunekin gainera. Undak erronka bikoitza izango du, batetik pisu berrira egokitzea eta bestetik borroka saioen iraupen berriarekin lehiatzea, kontutan izanda bere arerioek urtebete daramatela aldaketetara egokituz.
Orain arte 72 kiloz azpikoan aritu da Maider baina Nazioarteko federazioak ezarritako aldaketekin 75 kilokoan aritzea erabaki du hemendik aurrera, 69 kiloz azpiko mailara jeistea baztertuz. Horrekin batera borrokaldi saioetan ere izan da aldaketa nabarmenik, izan ere aurretik 2 minutuko hiru saio zirenak orain 3 minutuko bi saio izango dira. Aldaketaren helburua probaren bizitasuna sustatzea da.
Irailean Las Vegasen egingo den Mundialaren aurretik zazpi proba bilduko dituen eskakizun handiko egutegia izango du borr okalari arabarrak, beti ere 2016ko Rioko Jokoetarako lehen txartelak banatuko diren txapelketara sasoiko iristeko helburuarekin. Pariseko Grand Prixaren ondoren Maider La Habanan (Kuba) lehiatuko da otsailean, Espainiako txapelketan lehiatuko da Madrilen martxoan, Mediterraneoko Txapelketa apirilean Madrilen baita, Alemaniako Grand Prixa maiatzean, Europar Jokoak Bakun ekainean eta bukatzeko Espainiako Grand Prix txapelketa uztailean Madrilen. Jokoetarako lehen sailkapen zuzenak emango dituen Munduko Txapelketa Las Vegasen jokatuko da (AEBtan) irailaren 7tik 13ra bitartean.
Zuhurtzia eta lehiatzeko gogoa
Basque Team-ek zabaldutako adierazpenetan, Londres 2012an domina lortutakoak aipatu duenez "mundu berri bat da niretzat mailen aldaketekin, borrokaldietako iraupen berriekin eta estrategian izango diren berrikuntzekin. Beraz zuhurtziaz noa Grand Prix honetara, probatzera baina lehiatzeko gogo ikaragarriarekin". Bere itzuleraren inguruan Maiderrek ga ineratu duenez "ez nuen uste berriz ere sasoiko jartzea hain zaila izango zenik baina uste dut gainditu dudala alor hori. Orain, eta konzentrazioa ez galtzeko, arlo psikologikoa landu beharra daukat eta barneratu beharra daukat lehiatzeko eta irabazteko itzuli naizela".
Araudian izandako aldaketak ere aipatu ditu Maiderrek, "estrategiarein zerikusia duten aldaketek arduratzen gaituzte, borrokaldian zehar pasibotasuna zigortzeak ekarriko duena zehazki. Borroka biziagoa bihurtzea nahi dute eta horrek esan nahi du ezin zaitezkela lokatuta geratu". Las Vegaseko Mundialean Riorako txartela lortzeko helburuarekin ordura arte burutuko duen egutegiaz ere mintzatu da arabarra, "badakit dena oso azkar dihoala eta urte oso gogorra dudala aurretik, baina era berean polita izango dela uste dut eta apurka-apurka sasoiko jarri naitekela uste dut irailera forma onean iristeko".