Itxi

Ekainaren 2an abiatuko dira

Erronka berria Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzarentzat

Erredakzioa

Bide berri bat ireki nahi dute Broad Peak-en, bere hiru gailurrak alpetar estiloan lotuz.

Mendizaletasuna ulertzeko era berezi baten aldeko konpromisoari jarraituz, Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo mendizaleek zortzimilako bat alpetar estiloan igotzeko erronkari aurre egingo diote berriro ere: soka finkorik gabe, altuerako kanpamentu egonkorrik gabe eta oxigeno artifizialik gabe. Eta garraiatzailerik gabe. Hiruko sokada. Oraingo honetan, Broad Peak da gainditu beharreko erronka. Karakorum mendilerroan kokatutako 8.047 metroko mendi hau planetako hamabigarren mendirik garaiena da. Hiru euskal mendizaleek bi zailtasun gehiago gaineratuko diote erronkari: igotzeko bide berri bat irekitzea eta K3 izenaz ezagutzen den mendi honetako hiru gailurrak lotzea. Hau behin baino ez da lortu alpinismoaren historia osoan.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza protagonista dituen espedizio berri hau, bertan erabiliko den igotzeko modu berritzaileaz gain, zailtasun tekniko eta eskakizun fisiko handi-handiko erronka izango da. Broad Peak-eko hiru tontorrek 7.550 metro (Iparreko gailurra), 8.013 metro (erdikoa) eta 8.047 metroko (gailur nagusia) altuera dute, hurrenez hurren. Hiru tontorrak ekinaldi bakar batean egitea egundoko desafioa izango da. Orain arte, behin baino ez da lortu, 1984 urtean, Kukuczka eta Kurtyka mendizale poloniarren ausartziari esker.

Broad Peak (“tontor zabala” edo Phalchan Kangri, bertako baldiarrek esaten dioten moduan) Pakistango Karakorumen kokatuta dago, Txinarekiko mugatik hurbil. 1954an antolatu zen mendi hau igotzeko lehen espedizioa, eta 1975era arte ez zuen inork lortu erdialdeko gailurreraino iristea. Beste hainbat zortzimilakotan bezalaxe, mendizale asko hil dira bertan. Lehenengo aldiz igotzea lortu zuten sei mendizale poloniarretatik lau mendian gora zebiltzala hil ziren, eta bizirik atera zirenek izozketa larriak zituzten. Erronka honi aurre egin behar dioten espediziokideentzat, hiru tontorrak lotu eta igotzeko bide berri bat irekitzea aurrerapauso kualitatibo nabarmena izango da mendizale bezala egin duten ibilbide profesionalean. Euskal alpinismoaren ikuspegitik ere, sekulako lorpena izango da, gaur egun ez baitu zabaldu zortzimilako bat igotzeko jatorrizko biderik.

Egutegia

BAT Basque Team-ek eta Naturgas Energia enpresak babestutako espedizio hau ekainaren 2an abiatuko da Loiuko aireportutik Pakistan aldera, ekainaren hasieran kanpamentu nagusian finkatzeko asmoz, eta premiazko egokitzealdia osatu ondoren, uztailaren hasieran, gailurrera iristen ahaleginduko dira. Oraingo honetan, Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzarekin batera, Ander Izagirre kazetaria ere bertaratuko da, abenturaren xehetasun guztiak gertu-gertutik emateko asmoz.

Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968) 15 zortzimilako igo ditu, Juan Vallejok (Gasteiz, 1970) zortzi eta Mikel Zabalzak (Iruñea, 1970) bi. Hirurek esperientzia handia dute era horretako gailurrak alpetar estiloan eskalatzen, eta eskarmentu horrek premiazko adorea emango diete espedizio honetako erronka latzari aurre egiteko. Alpetar estiloan igo zuten Shisha Pangma-ren (8.027 m.) hego hegala, baita Lhotse (8.516 m.), Cho Oyu (8.201 m.), Lempo Gan (7.125 m.) eta Aconcaguaren (6.962 m.) hegoaldeko hegal gogorra ere. Era berean, Everest-en ipar hegalean dagoen Hornbein korridorea zeharkatzeko saio batzuk egin zituzten (8.500 metroko altituderaino iritsiz), baita Dunagiri ipar hegaletik gainditzeko saioak ere, eta estilo berean gauzatu dituzte garaiera txikiagoa baina zailtasun handi-handia duten beste mendi-erronka batzuk, hala nola, Izenik Gabeko Dorreko Eternal flame bidearen eskalada edo Changi Dorreko Ludopatia bidearen irekiera, bi-biak Karakorumen. Duela bi urte, hiru mendizaleak zehazki alpetar estiloa ez den igotzeko modu arin-arin batez baliatu ziren G-IV mendiaren (7.913 m.) ipar gailurrera iristeko. Eta iaz, Makaluren mendebaldeko pilarea eta Everest-eko Hornbein korridorea alpetar estiloan igotzen ahalegindu ziren, bi aldiz saiatu eta bietan huts egin. Orduko hartan ere, BAT Basque Team eta Naturgas izan ziren espedizioaren babesleak.




Bideoak (1)