Itxi

Atletismoa

Martin Fiz gailendu da Berlingo maratoian, 50 urtetik gorakoen mailan

Agentziak | Erredakzioa

Kenenisa Bekele etiopiarrak egin du lasterketako denborarik onena: 2 ordu, 3 minutu eta 3 segundo.

Berlineko maratoieko parte-hartzaileak. Argazkia: Efe.

Martin Fiz arabarrak irabazi du Berlingo maratoia, 50 urtetik gorakoen kategorian, 2 ordu, 26 minutu eta 32 segundoko denbora eginda. Fiz munduko txapelduna izan zen 1995. urtean.

Gasteiztarra 58. postuan sartu da helmugan, eta beste urrats bat eman du 50 urtetik gorakoen artean sei maratoi irabazteko erronkan. Oraingoz, lau irabazi ditu: New York, Tokio, Boston eta Berlin.

Lasterketako denborarik onena Kenenisa Bekele etiopiarrak egin du, 2 ordu, 3 minutu eta 3 segundo behar izan baititu ibilbidea egiteko. Azken metroetan gailendu zaio Bekele Wilson Kispang kenyarrari (2:03:13).