Herri lasterketa
Behobia-Donostia handia ahalik eta ondoen egiteko gomendioak
A. LARRUZEA
Azaroan euskal atletismoaren jairik handiena hartzen du Gipuzkoak. Igande honetan izango da aurtengo edizioa.
Jakin badakigu helburu guztiek bere prestaketa behar dutela, eta horretarako astebete lehenago ez daukagu denbora askorik, baina egunean bertan kontuan hartu beharreko hainbat aholku ditugu zuei eskaintzeko.
Gainera, aditu baten laguntza izan dugu ahalik eta gomendiorik onenak eduki ditzazuen eskura; Iñaki Mozo prestatzaile fisiko beasaindarrarenak, hain zuzen ere.
Lehenik eta behin, probaren aurreko azken aste honi erreparatuko diogu, eta berau planifikatuko dugu:
- Dakigunez, azken astean ezin da miraririk egin errendimendua hobetzeko, eta, beraz, ez hasi erokeriarik egiten, ezta ordura arte entrenatu ez dena entrenatzen ere.
- Entrenamenduen kargak jaitsi egin behar dira azken egun hauetan. Erritmo lasaiagoan entrenatu behar da, eta distantzia laburragoak egin behar dira (erritmoak eta distantziak oso subjektiboak dira mota askotako korrikalariak daudelako).
- Azken aste honetan, hiru egunetan korrika egitea komeni da. Batez ere, gorputza askatzeko eta lasterketa egunera oso gogortuta ez iristeko.
- Larunbatean luzaketak egitea ondo datorkigu, urduritasunagatik askotan giharrak uzkurtu egiten direlako.
- Garrantzi berezia eman behar diogu hurrengo honi, askotan ahaztu egiten baitzaigu: atsedenak entrenamenduak bezainbesteko garrantzia du, bereziki lasterketaren aurreko aste honetan. Beraz, atsedena ondo kudeatzea ezinbestekoa da gure organismoa indarberritu dadin entrenamendu saio batetik bestera.
- Lasterketaren aurreko afarian, elikagai berririk, elikagai gordinik, pikantedun janaririk edota koipe askokorik ez hartu, eta saia zaitez azukredun postrea hartzen. Gosariari dagokionez, gomendagarriena azukreak zukuen edo edari isotonikoen bitartez hartzea da, nahiko deshidratatuta altxatuko baikara.
Garrantzitsua izaten da oinarrizko gauza hauek errepikatzea, behar besteko garrantzia emateko.
Batetik, hidratazio egoki bat eduki ahal izateko, egunean 12 baso ur edatea komeni da. Eta, nutrizioari dagokionez, lasterketaren egunean izango dugun estrategia aldez aurretik probatu izana oso lagungarria eta baliagarria izango da; gainera, kontuan hartu behar dugu lasterketaren eguneko estutasunak ez digula utziko nahiko genukeen beste jaten.
Bestalde, gomendio orokor batzuk ere baditugu zuei eskaintzeko. Hona hemen:
- Lasterketa eguna ez da gorputzarekin eta materialarekin esperimentuak egiteko egunik egokiena. Beraz, ez dugu inolaz ere arroparik estreinatu behar, ezta inoiz hartu ez dugun likido edota gelik hartu behar. Horretarako, entrenamenduak daude, eta horiek dira esperimentuak egiteko unerik aproposenak.
- Hidratazioa garrantzitsua da, bai aurreko egunetan bai lasterketa egunean ere. Hala ere, oso garrantzitsua da neurriz hartzea, eta gehiegizko hidratazioa ekiditea, ez baita batere lagungarria.
- Lasterketan, korrika hasitakoan, nork bere erritmoak kontrolatu, ez itsutu norbaiti jarraitu nahian, geroago harrapatzeko denbora edukiko duzu-eta. Bestela, ibilbideak zure lekuan jarriko zaitu. Beraz, soseguz hartu, zure erritmoari jarraitzea izango baita egin dezakezun apusturik onena.
Amaitzeko, gauza hauek guztiak eta norberak dituen dohain eta gabeziak kontuan izanda, ez zaitezte denborarekin itsutu, eta, gauza guztien gainetik, goza ezazue Behobia-Donostia atletismoaren festa erraldoi honetaz!