Bi atseden egun
Broad Peak: Hirugarren eta azken fasea, hastear
Erredakzioa
Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak egokitzearen bigarren fasea espero bezala amaitu dute.
Girotzearen lehen fasean Pastora gailurra zapaldu ondoren (6.379 m.), Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak altueran bigarren egonaldi bat osatu dute Broad Peakeko ohiko bidean gora.
Ekainak 21ean, astelehena, oinarrizko akanpalekutik abiatu (4.900 m.) eta lau ordutan bigarren akanpalekuraino heldu ziren (6.300 m. inguru), sasoi betean daudela erakutsiz. Han gaua igaro ondoren, asteartean igoerari ekin zioten 7.000 metrora hurbiltzeko asmoz, baina 6.600 metro inguruan izotz plaka itsusiak topatu zituzten eta, segurtasunez zeharkatzeko materialik ez zeramatenez, behera egin zuten. Gau hori bigarren akanpalekuan eman zuten berriz ere, modu horretan girotze fase honen helburua betez: 6.000 metrotik gora gau pare bat igarotzea, alegia.
Naturgas – Broad Peak espedizioko mendizaleak ekainak 23an jaitsi dira, goizean goiz, oinarrizko akanpalekura. Pozik daude girotze prozesuarekin: igoeran indartsu sentitu dira eta altueran emandako gauetan gero eta aklimatazio hobea lortzen ari direla nabaritu dute. Prestaketa hau benetan garrantzitsua da, Broad Peakeko hiru gailurrak zeharkatzeko bide berria zabaltzeko saioan 7.000 metrotik gorako garaieratan hainbat gau igaro beharko dituztelako, horietako bat 8.000 metrotik oso gertu.
Orain egun pare bateko atsedenaldia hartuko dute oinarrizko akanpalekuan, eguraldi txarrekoak izango omen direnak. Eta aurreikuspenek asmatzen badute, asteburuan eguraldia hobetzearekin batera ekingo diote mendizaleek hirugarren eta azken girotze faseari: Broad Peakeko ohiko bidean beste gau pare bat igaro nahi dituzte, horietako bat 3. akanpalekuan, 7.200 metro inguruan.
Azken helburua: Broad Peak-eko hiru gailurrak
Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza protagonista dituen espedizio berri hau, bertan erabiliko den igotzeko modu berritzaileaz gain, zailtasun tekniko eta eskakizun fisiko handi-handiko erronka izango da. Broad Peak-eko hiru tontorrek 7.550 metro (Iparreko gailurra), 8.013 metro (erdikoa) eta 8.047 metroko (gailur nagusia) altuera dute, hurrenez hurren. Hiru tontorrak ekinaldi bakar batean egitea egundoko desafioa izango da. Orain arte, bitan besterik ez da burutu: 1984 urtean, Kukuczka eta Kurtyka mendizale poloniarrek, eta 1995ean Hattori, Kitamura eta Todaka japoniarrek lortu zuten.
Broad Peak (“tontor zabala” edo Phalchan Kangri, bertako baldiarrek esaten dioten moduan) Pakistango Karakorumen kokatuta dago, Txinarekiko mugatik hurbil. 1954an antolatu zen mendi hau igotzeko lehen espedizioa, eta 1975era arte ez zuen inork lortu erdialdeko gailurreraino iristea. Beste hainbat zortzimilakotan bezalaxe, mendizale asko hil dira bertan. Lehenengo aldiz igotzea lortu zuten sei mendizale poloniarretatik lau mendian gora zebiltzala hil ziren, eta bizirik atera zirenek izozketa larriak zituzten. Erronka honi aurre egin behar dioten espediziokideentzat, hiru tontorrak lotu eta igotzeko bide berri bat irekitzea aurrerapauso kualitatibo nabarmena izango da mendizale bezala egin duten ibilbide profesionalean. Euskal alpinismoaren ikuspegitik ere, sekulako lorpena izango da, gaur egun ez baitu zabaldu zortzimilako bat igotzeko jatorrizko biderik.