Itxi

Boxeoa

Kerman Lejarragak tituluari eutsi dio Gurrola mendean hartuta

Agentziak | Erredakzioa

Andoni Gagok, berriz, barkamena eskatu zuen pisaketan pisua gainditu eta borrokatu ez izanagatik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kerman Lejarragak welter pisuko nazioarteko tituluari eutsi dio Bilbon, Jesus Gurrola mexikarrari KO teknikoz irabazita.

Epaileak seigarren roundean eten du borrokaldia, mexikarrak sudurrean ebakia zuela ikustean. Medikuak zauria aztertu du eta Gurrolak bertan behera utzi behar izan du borrokaldia. Ordura arte, lehia gogorra eta estua izan dute biek, baina Morgakoa gehiago izan da, Gurrolak zenbait estualdi pasarazi dizkion arren.

Garaipen horri esker, Lejarragak borrokaldi bat bera ere galdu gabe jarraitzen du. 19 garaipen ditu bizkaitarrak bere palmaresean, eta 24 urterekin ibilbide bikaina egiten ari da.

Gagok barkamena eskatu du

Andoni Gago ere protagonista izan zen. Bere borrokaldia bertan behera utzi behar izan zuten ostiralean, pisaketan bizkaitarrak onartutakoa baino pisu handiagoa eman zuelako.

Gagok, abailduta, barkamena eskatu zien zaleei, eta bere buruarekin dezepzionatuta zegoela azpimarratu zuen. "Ez dut aitzakiarik emango. Barkamena eskatu nahi diet bultzatzaileari, entrenatzaileari eta nirekin sufritu duten guztiei", adierazi du bizkaitarrak, negar malkoen artean.

Bideoak (1)