Itxi

Australiako Sari Nagusia

Vettel eta Ferrari garaile, urte eta erdiren ostean

Agentziak | Erredakzioa

Fernando Alonsok (McLaren-Honda) lasterketa utzi behar izan du, arazo mekaniko baten ondorioz.

Sebastian Vettel, podiumean. Argazkia: Efe.

Sebastian Vettel (Ferrari) gailendu da Australiako Sari Nagusia, 2017ko lehen lasterketa, Lewis Hamilton britainiarraren eta Valtteri Bottas taldekide finlandiarraren aurretik. Gauzak horrela, Ferrarik garaipen bat lortu du urte eta erdiren ostean.

Vetteli lasterketan erabilitako estrategiak eman dio garaipena, alemaniarrak Hamiltonek baino arinago egin baitu lasterketako geldialdi bakarra. Vettelen 43. garaipena izan da, eta Ferrariren lehena 2015 irailean Singapurreko Sari Nagusia irabazi zuenetik.

Laugarren tokia Kimi Raikkonenek lortu du, eta ondoren sartu dira Max Verstappen (Red Bull), Felipe Massa (Williams) eta Sergio Pérez (Force India).

Carlos Sainz (Toro Rosso) zortzigarren izan da, Daniil Kvat taldekide errusiarraren eta Esteban Ocon (Force India) frantziarraren aurretik. Fernando Alonsok lasterketa utzi behar izan du bukaerarako hiru itzuliren faltan, arazo mekanikoengatik.

 

 

Bideoak (1)