Itxi

18:30ean

Bizkaia Kirolak 2017 Sariak banatuko dira gaur Bilbon

eitb.eus

Leer en Castellano

Bizkaia Frontoian ospatuko den ekitaldian ezagutuko dira edizio honetako saridunen izenak; Sarien helburua kirolaren arloan 2016an zehar egindako lana jendaurrean aitortzea da

Waterpolo Askartza

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2017ko Bizkaia Kirolak Sarietan foru erakundeak oinarrizko kirolean nabarmendu diren pertsona eta erakundeak sarituko ditu. Sarituen izenak sariak banatuko diren egunean bertan jakinaraziko dira, astelehen honetan, apirilaren 10ean, Bizkaia Frontoian, Bilbon. Ekitaldia 18:30ean hasiko da eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Lorea Bilbao Euskera eta Kultura foru diputatua izango dira buru.

Bizkaia Kirolak Sarien 2017ko edizioan, 1996 eta 2001 artean jaio ziren kirolari bizkaitarrek 2016an lortutako kirol merezimenduak nabarmentzeaz gain, Oinarrizko Kirola sustatu duten langile teknikoak eta erakundeak sarituko dira. Sei kategoria egongo dira: talde kirola, banakako kirola, bikotekako kirola, arbitroa, entrenatzailea eta alor horretan kirola garatzen lagundu duen erakundea.

Talde kirolaren kategorian lau finalista daude: Club Askartza Claret-eko waterpoloko gazteak; Gimnastikako lehen kategoriako Sakoneta taldea; Leioako emakumezkoen gazte-kadete waterpolo taldea, eta Javi Conde atletismo egokituko kluba.

Banakako kirolaren kategorian honako lau finalistak daude: Alicia Tirados Lopez igerilaria, Ariane Ochoa Torres surflaria, Saioa Agirre Elordui gimnasta eta Bittor Esparta Frade kirol eskalatzailea.

Bestalde, bikotekako kirolaren kategorian hauek dira finalistak: Lidia Castañera Mejias eta Ainhoa Navas del Rio (igeriketa sinkronizatua); Olatz Arrizabalaga Munduate eta Ane Villanueva Etxebarria (22 urtez azpitiko ezker paretako gomazko paleta jokalariak); Iñigo eta Andoni Lejarraga anaiak (bela kirolariak) eta Borja Basterretxea Canta eta David Nuñez Gonzalez (arraunlariak).

Oinarrizko kiroleko arbitroen kategoriako finalistak, aldiz, Karmelo Astigarraga Zaldibar (txirrindularitza), Nerea Iglesias Bolon (igeriketa sinkronizatua), Emilio Rodriguez Espín (pilota) eta Eugenio Castrillo Fernández (taekwondo) dira.

Oinarrizko kiroleko entrenatzaileen saria jaso dezaketenak honakoak dira: Jesus del Valle Calle (boxeoa), Asier Elordui Pintado (karate), Jon Lopez Saez eta Josu Berrenetxea Garcia (waterpolo), eta Juan Solis Godoy (taekwondo).

Bukatzeko, Bizkaia Kirolak 2017 Sarien oinarrizko kiroleko erakunde kategorian hauek dira hautagaiak: Gaztedi kluba, Erauntsi Surf Taldea, Leioa waterpolo kluba eta Markinako esku pilota kluba.

Bizkaia Frontoian ospatuko den ekitaldian ezagutuko dira edizio honetako saridunen izenak, eta ondoren sariak banatuko dira. Bizkaia Kirolak 2017 Sarien helburua kirolaren arloan 2016an zehar egindako lana jendaurrean aitortzea da. Foru erakundeak edizio honetan urterik urte sekulako emaitzak lortu dituzten kirolari gazte bizkaitarren lana goraipatu nahi du, urte honetan oinarrizko kirolean egindako lana nabarmenduz.