Itxi

Bartzelona 2010

Lemaitre, Europako izar berria

Erredakzioa

Frantziarrak erakustaldia eman du Europako Atletismo Txapelketetan, 100, 200 eta 4x100 metroetan urrezko dominak lortuz . Errusia izan da dominen sailkapenean nagusi, 10 urrerekin.

Bartzelonako Europako Atletismo Txapelketak ikuskizun ederra utzi du kirol zaleen artean. Txapelketak izar bat izan du beste guztien gainetik eta hori Cristophe Lemaitre frantziarra izan da dudarik gabe. 20 urteko kirolari gazteak urrezko hiru domina lortu ditu, 100, 200 eta 4x100 metroetan. 10 segundoetatik jaitsi den lehen atleta zuria izateaz gain (9,98 segundo) Lemaitrek 1982tik korrikalari zuriek lortu ez dutena lortu du 100 metroetan Europako errege bilakatuz. 200 metroetan eman zuen erakustaldia ere paregabea izan zen, aurkari guztiak atzetik etorrita gaindituz.

Txapelketako beste izar bat Mo Farah Somaliako jatorria duen britaniarra izan da. Distantzia luzeko korrikalariak 5.000 eta 10.000 metroetan urrezko dominak lortu ditu, alegia erraza ez den gauza.

1.500 metroetan kirolari espainiarrak berriz ere izan dira nagusi, Nuria Gonzalezek eta Arturo Casadok lortutako urreekin eta Olmedok eta Natalia Rodriguezek lortutako brontzeekin.

Dominei dagokienean, Errusia izan da jaun eta jabe beste herrialdeen gainetik, 10 urre, 6 zilar eta 8 brontzerekin. Bigarren Frantzia izan da 8 urre, 6 zilar eta 4 brontzerekin eta hirugarren Erresuma Batua 6 urre, 7 zilar eta 6 brontzerekin. Espainiak seigarren postuan bukatu du, 2 urre, 3 zilar eta 3 brontzerekin.


Albisteak (1)

Bideoak (1)