Larunbatetik galduta
Zerain bilatzeko laguntza eskaini dute euskal erakundeek eta mendizaleek
Agentziak | Erredakzioa
Aurreikuspenen arabera, hurrengo egunetan eguraldiak hobera egingo du, eta litekeena da bilaketa lanak asteburuan berriro abiatzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta zenbait alpinistak Alberto Zerain eta Mariano Galvan bilatzeko lanetan laguntzeko eskaintza egin dute. Bi alpinistak Nanga Parbat mendian daude, eta larunbatetik ez dago haien berririk.
Alberto Zerainen ingurukoek adierazi dutenez, "euskal erakundeek asmo argia agertu dute bilaketa lanetan laguntzeko, beharrezkoa den alorretan".
Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo alpinistak Gasherbrum I eta Gasherbrum IIra igotzeko espedizio batean daude, eta balizko erreskate batean parte hartzeko euren laguntza eskaini dute.
Gasherbrum mendiak Nanga Parbatetik gertu daude, eta ordu gutxitan irits daitezke bertara.
Azken egunetan izandako eguraldi txarrak bilaketa lanak galarazi ditu, Pakistango Armadako helikopteroa Skarduko aireportutik ateratzeko prest dagoen arren.
Hala ere, aurreikuspenen arabera, eguraldiak hobera egingo du datozen egunetan, eta baliteke bilaketa lanak asteburuan abiatzea.
Zerainen ingurukoek eskerrak eman dizkiete erakundeei eta euskal alpinistei erakutsitako babesagatik.