Itxi

Golfa

Lehenengo postua lortzeko aukerak ihes egin dio Jon Rahmi

ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Barrikako golf-jokalaria munduko lehena izateko aukerekin iritsi zen Farmers Insurance Open torneora, hura irabaziz gero, baina 29. postuan amaitu du.

Jon Rahm bizkaitarrak Farmers Insurance Open torneoa jokatu du asteburuan. Argazkia: EFE

Munduko sailkapenean bigarren doan Jon Rahm golf-jokalari bizkaitarrak ezin izan du Farmers Insurance Open torneoa (San Diego, Kalifornia) bigarrenez lortzeko asteburu honetan; izan ere, Rahmek joan zen urtean irabazi zuen PGA zirkuituko txapelketa hori (profesional gisa lortu erdietsi zuen estreinakoa).

Horrenbestez, San Diegoko lehiari aurreko ekitaldiko garaipena errepikatzeko eta, bide batez, munduko lehen postua eskuratzeko asmoarekin ekin bazion ere, ezin izan zituen bere egitasmoak bete.

Aurreko asteburuan CareerBuilder Challenge torneoa irabazita iritsi zen Barrikakoa (23 urte) San Diegora, eta ostegunean eta ostiralean emaitza onak pilatu arren (68 eta 66 kolpe, hurrenez hurren), larunbatean okerrera jo zuen bere jardunak (75 kolpe), eta azken egunera liderrarengandik lau kolpera heldu zen. Horrek azken egunean arriskatu behar izatea ekarri zion, baina ez zuen zortea bidelagun izan: zazpi bogey eta bi birdie besteri ez zituen lortu. Azkenerako, txapelketa 29. postuan bukatu zuen (-2).

Emaitza horrekin ezinezkoa dauka asteburu honetan Arizonan (AEB) jokatuko duen txapelketan (Waste Management Phoenix Open) berriz ere munduko lehen postua bereganatzeko aukerarik izatea, horretarako Farmers torneoan lehen 16 sailkatuen artean geratu behar izan baitzuen.

Munduko sailkapena:

1. Dustin Johnson          10,7194 puntu

2. Jon Rahm 9,5432

3. Jordan Spieth              8,7986

4. Justin Thomas             8,0126

5. Hideki Matsuyama       7,4033

6. Justin Rose                 7,3909

7. Rickie Fowler              6,6493

8. Rory McIlroy               6,0918

9. Brooks Koepka           5,9955

10. Jason Day                 5,7964

Albisteak (3)