Boxeoa
Kerman Lejarraga, Europako txapelduna welter pisuan
Agentziak | Erredakzioa
Skeete ingelesari KOz irabazi dio. Andoni Gago, berriz, Europako Batasuneko Txapelduna da, luma pisuan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kerman Lejarraga boxeolaria da Europako txapeldun berria welter pisuan, Bradley Skeete ingelesari KO teknikoz irabazi ostean, Bilbao Arenan egindako boxeo jaialdiko borrokaldi nagusian. Ikuskizunak 9.000 ikusle inguru bildu ditu Miribillan.
'Morgako Errebolberrak' borrokaldirik galdu gabe jarraitzen du: 25 garaipen ditu, horietariko 20 amaierara iritsi aurretik. Azaroan, Lejarragak Espaniako txapelketa irabazi zuen, eta Europakoa irabazita, munduko txapelketa irabazteko hautagaien artean sartzen da.
Britainiarraren aurkako borrokaldiak lau minutu eskas iraun ditu. Lehen asaltoan, Skeetek defentsa ona egin du, bere tamainaz baliatuz. Bigarren asaltoaren lehen minutua betetzear zegoela, Lejarragak kolpe bortitza eman dio aurkariari aurpegian, eta belauniko jarri du.
Miribillako zaleen animo sutsuekin, Lejarragak kolpek bata bestearen atzetik eman dizkio Londreseko boxeolariari, eta beste bi aldiz lurrera bota du epaileak lehia bukatutzat eman duen arte. Gerrikoa bizkaitarrarentzat izan da.
Gago, Europako txapeldun luma pisuan
Gaueko beste borrokaldi nagusian, Andoni Gago bizkaitarrak Europar Batasuneko gerrikoa irabazi du Geoffrey dos Santos frantziarrari irabazita. Dos Santosen lehen porrota izan da.
Gago (19-3, 6 KO) garaile izendatu dute epaileek 12 asaltoko borroka gogor baten ostean. Bilbotarrak lanak izan ditu aurkaria mendean hartzeko, baina gerrikoa, azkenean, berak irabazi du.