Deklaratu egin du
Marta Dominguez: 'Inoiz ez dut debekatutako substantziarik eman'
Erredakzioa
"Argi eta garbi, errugabea naiz", esan du atleta palentziarrak epaitegietatik irtetean.
Marta Dominguezek gaur deklaratu du Galgo Operazioan auzipetu gisa, Madrilen. Duela hamar egun auzian nahasita dauden gainontzekoek (Eufemiano Fuentes, Manuel Pascua, Cesar Perez eta Alberto Garcia, adibidez) egin zuten eta gaur haurdun dagoen Dominguezen txanda izan da.
"Inoiz ez dut debekatutako substantziarik eskaini eta ez dut inolako etekinik atera", esan du epaitegietatik irtetean.&' || 'nbsp; "Guzti honek kalte egin dio nire irudi publikoari eta baita nire senide eta lagunei ere. Argi eta garbi errugabea naiz", gaineratu du.
Auzipetuen artean egotearen zergatia galdetu diotenean honakoa esan du: "Telefono-elkarrizketak entzun dituztelako".
Bere etxean debekatutako sustantziarik ez zegoela adierazi zuen aurreko astean Marta Dominguezek. Guardia Zibilak, ordea, ordenagailua eta medikamenduak zein dokumentu pertsonalak zituen kutxa bat konfiskatu zituen. Auzipetuta jarraitzen du.