Bilbon
Gaur, 'Red Bull Cliff Diving World Series' txapelketako lehen kanporaketa saioa
Erredakzioa
Ekainaren 29an egingo da txapelketako lehen kanporaketa saioa Bilboko Salbeko zubian, 17:00ak eta 19:00ak bitartean. Lehiaketa nagusia, berriz, larunbatean izango da, 17:00etan hasita.
Bilbon egingo den 'Red Bull Cliff Diving World Series' txapelketako lehen entrenamenduak ostegunean egin zituzten, Salbeko zubian. Ostiral honetan, berriz, lehen kanporaketa jokatuko da, 17:00etan hasita.
Larunbatean, ekainaren 30ean, egingo da txapelketa nagusia, 17:00etan hasita. Jauzilariek Salbeko zubian, 27 metroko altueran, dagoen plataformatik egingo dute jauzi. 19:25ean egingo dute sariak banatzeko ekitaldia.
Jauziak nondik ikusi
Larunbatean, itsasadarraren bi aldeetatik ikusi ahalko da proba, baita uretatik ere, baina sartzeko mugak egongo dira Salbeko zubiaren inguruan. Uretatik ikusi ahal izateko, 100 txaluparentzat bakarrik egongo da tokia, eta 12:30 eta 15:30 bitartean sartu ahalko dira; bertara sartutakoan, eta lehiaketa bukatu arte, ezingo dira txaluparik ez sartu ez atera.
Antolatzaileen webgunean agiria eskatu duten pertsonek, ekainaren 27an, 28an eta 29an jaso ahalko dituzte Salbeko zubian dagoen bulegoan (11:00ak eta 19:00ak bitartean) eta 'Puppy'ren ondokoan (11:00ak eta 17:00ak bitartean).