Gasteizko Triatloia
Santamariak eta Skevinek irabazi dute Gasteizko Triatloia
Agentziak | Erredakzioa
Berdintasuna izan da gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan. Distantzia erdian, George Goodwin britainiarrak eta Judith Corachan katalanak irabazi dute.
Alejandro Santamariak eta Sonja Sekevinek irabazi dute Gasteizko Triatloia, Xabier Torrades eta Raul Tejadari, eta Vanessa Pereira eta Ruth Britori gailenduta, hurrenez hurren.
Arabako hiriburuak proba honen 12. edizioa hartu du, eta 2.600 atleta aritu dira aurten bertan. Publiko asko hurbildu da lasterketa ikustera. Tenperaturak proba gogortu du azken zatian.
Lasterketa Arabako errepideetan, Uribarri Ganboako urtegian eta hiriburuko kaleetan zehar egin dute. Gasteizen lau itzuli eman diote 10 kilometroko zirkuitu bati, publikoaren aupada artean.
Santamaria (41 urte) lehen postuan helmugaratu da berriro (2014an irabazi egin zuen, eta 2015ean eta 2016an bigarren egin zuen), 08:17:05ko denborarekin. Landako urtegian 3,8 kilometro egin dituzte igerian, hasteko, eta, ondoren, 180 kilometro egin dituzte bizikletan, Arabako errepideetatik, eta 42 korrika, Gasteizko kaleetan barrena.
Madrildarrari gehien kostatu zaiona igeriketa izan da. 61. postuan bukatu du, baina gero egoera irauli du, bizikletan hartutako abiadurari esker, eta bosgarren tokira heldu da.
Gasteizko kaleetan, erritmo bikaina hartu du, lasterketa buruan jarri da 17. kilometroan, eta lehen postuan eutsi dio helmugaraino.
Xavier Torrades katalanak eta Raul Tejada guatemalarrak osatu dute podiuma, eta hiru minutuko tartean sartu dira.
Berdintasuna emakumezkoen artean
Julia Mai iazko irabazleak lasterketa utzi ondoren, emakumezkoen kategorian ere emozioa izan da nagusi. Sonja Skevin kroaziarra izan da, 09:29:04ko denborarekin.
Skevin bigarrena izan da igeriketan. Emma Deary iritsi da aurretik, baina britainiarrak ezin izan dio erritmoari eutsi maratoian.
Atleten arteko berdintasuna izan da gakoa. Hiru minutuko tartean mugitu dira aurrekoak, lehia etengabean, eta 25. kilometroan hartu du burua Skevinek.
Vanessa Pereira portugaldarrak bigarren egin du, uretatik 13. postuan irten den arren, batez ere bizikletan egindako lanari esker.
Gertu ibili da Gasteizen bizi den Ruth Brito kanariarra.
Distantzia erdian
Distantzia erdian, George Goodwin britainiarrak (03:53:18) eta Judith Corachan katalanak (04:23:53) irabazi dute.