Motoziklismoa
Fenati taldetik bota dute San Marinon izandako kirolez kontrako jarreragatik
Erredakzioa
Marinelli Snipers taldeko kontseilaria den Stefano Bedonek, baieztatu egin du taldeak Romano Fenati pilotuaren kontratua etetea erabaki duela, lasterketan zehar aurkariaren balazta sakatzeagatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Moto2 mailako Marinelli Snipers taldeko kontseilaria den Stefano Bedonek astelehen honetan baieztatu duenez, taldeak Romano Fenati pilotuaren kontratua etetea erabaki du, San Marinoko Sari Nagusian izan zuen kirolez kontrako jarreragatik.
Pilotu italiarrak Stefano Marziren motorraren balazta sakatu zuen San Marinoko Sari Nagusiko lasterketan zehar, zirkuituko zuzengunean. Antolakuntzak zigorra jarri zion, eta ezingo zuen hurrengo bi lasterketetan parte hartu, baina taldearen erabakiaren ostean, ez du gehiago korrituko denboraldi honetan.
"Orain, iragarri dezakegu Marinelli Snipers taldeak Romano Fenatirekin zuen kontratua etetea erabaki duela, pilotuak izan zuen kirolez kontrako jarreragatik. Kalifikatu ezin daitekeen ekintza izan zen, arriskutsua eta guztiontzat kaltegarria", adierazi zuen Bedonek sare sozialetan.
"Erabateko etsipenarekin esaten dugu arduragabekeria larria izan zela, beste pilotu baten bizitza arriskuan jarri baitzuen, eta hori ezin liteke inolaz ere barkatu. Jada, Fenatik ez du lasterketan baten ere parte hartuko Marinelli Snipers taldearekin", jarraitu zuen Stefano Bedonen mezuak.
Azkenik, Bedonek barkamena eskatu nahi izan die "munduko motoziklismoko zale guztiei".