Itxi

Otsailaren 14tik aurrera

Euskal Telebistak kirol eskaintza zabalduko du

Erredakzioa

ETB Sat-en egunero bi orduko kirol tartea zabalduko dute, arratsaldean bat eta gauean bestea; ETB-1ek, bien bitartean, orain arteko esklusibak mantenduko ditu.

Datorren astelehenetik, otsailaren 14tik, aurrera, Euskal Telebistak bere kirol eskaintza zabalduko du, ETB-1en ez ezik, ETB Sat bidez ere emanaldi eta saioak eginez. LTD bidez ikusgai den telebista katean bi orduko kirol tarte bana irekiko dira arratsaldean eta gauean. Berregituraketa honek edukien antolaketa argiagoa dakar, saio berriak eta emanaldiak birritan ikusteko aukera. Guztia helburu zehatz batekin, ETBko kirol programazioa hobetu eta indartzea.

Xehetasun guztiak emateko aurkezpena egin dute ostiral honetan EITBren Bilboko egoitzako 1go platoan, kirol saioak egiten diren lekuan. Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendaria, Mikel Olazabal ETBko Kiroletako zuzendaria eta Jose Ituarte zuzendari ordearekin batera, hainbat aurkezle bildu dira bertara.

ETB-1ek, orain arte bezala, lehen mailako edukiak eskainiko ditu: Txapeldunen Liga asteazkenetan, Euroliga ostegunetan, pilota ostiral gau eta igande arratsaldeetan, Bigarren Mailako futbola larunbat arratsaldeetan, ACB Liga igande goizetan, eta herri kirolak eta futbol ligako laburpenak igande arratsaldeetan. Halaber, txirrindularitza proba garrantzitsuenei tartea zabalduko die: Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Euskal Herriko Itzulia.

ETB Sat

ETB Sat-ek kirol eskaintza finkoa izango du, lau ordu egunero, astelehenetik igandera. Lehen tartea eguerdiko "Gaur Egun" albistegiaren ostean zabalduko dute, 15:30etik 17:30era, eta bigarrena gaueko "Teleberri"ren ostean, 22:30etik 00:30era. Arratsaldean txirrindularitzak izango du lehentasuna. Zuzeneko emanaldirik ez dagoenean bezperako saio nagusiak beteko du tarte hori, igandean izan ezik. Egun horretan kirol minoritarioen emanaldiak eskainiko dira.

Gauetan denetariko eskaintza izango dute eskueran ikus-entzuleek. Astelehenetan beste kirol modalitateen inguruko elkarrizketa eta erreportajeak "Zu Kirolari" saioan, Anartz Agirreren eskutik. Astearteetan "Champions League" saioa, Txemi Galarragak aurkeztuta. Egun horretan jokatutako partidaren laburpenak eta txapelketaren inguruko albisteek osatuko dute programa. Asteazkenetan herri kirol emanaldia berriro ikusteko aukera izango da eta ondoren saio berri bat, "Zona Zaping", umorezko esketx eta kirol munduko irudi bitxiekin.

Ostegunetan, Iñigo Aiestaranek gidatzen duen "Frontoi Luzea" saioak zesta, pala eta erremonteko partidak eskainiko ditu. Ostiraletan, lehenengo "Boxeo Izarrak" saioa izango da ikusgai, Pedro Mari Goikoetxeak aurkeztuta, eta ondoren "Magazine Champions League", UEFA Champions League-ren eskutik, txapelketa honen irudi onenak eta erreportaje ikusgarriak erakutsiko dizkigun leihoa.

ETBren 28 urteko historian gordetako irudiak baliatuz, "Gure Bideoteka" saioa egingo dute larunbatetan. Futbol, pilota eta saskibaloi neurketa garrantzitsuak berreskuratuko dituzte, garai bateko balentriak gogora ekarriz. Champions eta Euroligarik ez dagoen egunetan ere, arratsaldeko kirol tartea saio honekin beteko dute. Larunbat gaueko kirol eskaintza osatzeko, Txemi Galarragak jardunaldiko golen laburpena eskainiko du "Tribuna Gol" saioan.

Igande gauetan ere izango da ikusgai "Tribuna Gol". Iraupen luzeagoa izango du, ordu eta erdi, futbol jardunaldia patxadaz eta sakon aztertzeko. Mikel Olazabalek gidatuko du eta kirol erredakzioko lau kazetari izango ditu lagun platoan partidak komentatzen: Jorge Cerrato (Athletic), Igor Sarriegi (R.Sociedad), Ander Txintxurreta (Osasuna) eta Xabier Andueza (Lehen Mailako besteak). Gure taldeen aktualitateari buruzko solasaldia ere egingo dute astero. Bestalde, aste barruan Liga edo Errege Kopako neurketak jokatzen direnean ere programa egingo dute, gure taldeek egindako lanaren berri emateko.

Azkenik, Txapeldunen Ligarik ez dagoen asteetan "Deporte a Debate" saio monografikoa izango da ikusgai. Kirolarekin zerikusia duten gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu bertan Jose Ituartek.

Bideoak (1)