Itxi

BOXEOA

Kerman Lejarraga, Basque Team Fundazioko kirolari berria

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Horrenbestez, Morgako boxeolariak Basque Teamek ematen duen beka jasoko du, eta hark eskaintzen dituen zerbitzuak erabili ahal izango ditu.

Kerman Lejarraga. Argazkia: Basque Team

Basque Team Fundazioak asteazken honetan jakinarazi duenez, hemendik aurrera Kerman Lejarraga boxeolari bizkaitarra (Morga) aipatu fundazioko kidea izango da. Horrenbestez, goi-mailako euskal kirola sustatzeko asmoz jaio zen erakundearen beka jasoko du Lejarragak, irudi-eskubide kontratu baten bidez.

Dirulaguntzaz gain, fundazioak eskaintzen dituen zerbitzuak (osasun arlokoak, teknikoak, coachinga, komunikazio arlokoak, hezkuntza eta lan arlora egokitzekoak...) erabili ahal izango ditu Morgako kirolariak.

"Basque Team duela 11 urte jaio zen goi-mailako euskal kirola bultzatzeko asmoz, eta Kerman Lejarraga une honetan Euskadin daukagun kirolari nabarmenetakoa da, nazioarteko hainbat sailkapen-zerrendak hala erakusten duten legez", azaldu du Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak.

Morgako "Errebolberra" ezizenez ezaguna den kirolaria, besteak beste, bosgarren tokian dago Nazioarteko Boxeo Federazioaren sailkapenean, eta welter pisuko egungo Europako txapelduna da.

Gainera, Lejarragak azaroaren 17an Europako titulu hori lehen aldiz defendatuko du Barakaldoko BECen Frankie Gavin ingelesaren aurka.

Albisteak (3)