Borrokaldia egongo da
Kerman Lejarragak tituluari eutsi dio, Gavinek behar baino gehiago pisatu baitu
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gavinek 68,700 kilo eman ditu baskulan, baimendutakoa baino bi gehiago (66,700 kg); Kermanek, aldiz, ez du arazorik izan (66,200 kg).
Kerman Lejarraga boxeolari bizkaitarrak welter pisuko Europako tituluari eutsi dio larunbatean jokatzekoa den borrokaldia baino lehen; izan ere, Frankie Gavin hautagaiak behar adina baino gehiago pisatu du ostiral honetan Bilboko Itsas Museoan egin den pisatze ekitaldian.
Aitzitik, larunbateko hitzorduak garrantzia izaten jarraitzen du Lejarragarentzat, 26 borrokalditan jardun eta gero oraindik ez baitu bat bera ere galdu (horietako 21 KOz irabazi ditu); horrez gain, epe laburrera Munduko Txapela jokatzeko aukera ere izan dezake jokoan. Hori horrela izan dadin, BECen izango den norgehiagokan garaipena lortzeak besterik ez dio balio.
Hasierako pisaketan, Gavinek 68,700 kiloko pisua eman du, hots, baimendutakoa baino bi kilo gehiago (66,700 kg). Lejarragak, bere aldetik, ez du inolako arazorik izan (66,200 kg).
Frankie Gavin pisatu den unean. Argazkia: EFE
Pisaketan eman duen gehiegizko pisua zuzentze aldera, Gavinek bi orduko tartea izan du sobera zituen bi kilo horiek galtzeko, baina ez du ahaleginik egin bigarren aldiz baskula gainera igotzeko. Horren ondorioz, aurretik hitzemandako diru poltsaren % 30 gal dezake, antolatzaileen gertuko iturriek adierazitakoaren arabera.
Bizkaiko zein Euskadiko Boxeo Federazioak Europakoarekin (EBU) jarri dira harremanetan, eta handik adierazi dietenez, Lejarragari dagokio titulua eustea. Hori bai, borrokaldia aurreikusita zegoen bezala jokatuko da, eta bi boxeolarien palmareserako kontuan hartuko dute. Antolatzaileek 12.000 ikusle bertaratzea espero dute.
Pisatzea egin ostean, eta Gavinek behar bezalako pisua ez zeukala jakin aurretik, Lejarraga haserre agertu da hedabideen aurrean. "Ez dut atsegin, baina ez dago besterik. Barkamena eskatu dit, baina behar den pisua eman izan balu bezala helduko diot borrokaldiari".
Lejarragaren eta Gavinen (26-3, horietako 5 KOz) arteko borrokaldia 12 asaltora lehiatuko da, eta ez da hasiko 23:30 baino lehen. Horren aurretik, boxeoko beste bost borrokaldi izango dira, baita kickboxing txapelketa bat ere. Emanaldia ETB1en izango da ikusgai 21:00etatik aurrera.