Itxi

2018an

293 kontrol egin eta zazpi zigor espediente ireki

eitb.eus

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzaren mendeko Dopinaren aurkako Euskal Agentziak 293 kontrol egin zituen 2018. urtean, eta guztira zazpi zigor espediente ireki zituen, debekatutako substantziak erabiltzea egotzita.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzaren mendeko Dopinaren aurkako Euskal Agentziak 293 kontrol egin zituen 2018. urtean, eta guztira zazpi zigor espediente ireki zituen, debekatutako substantziak erabiltzea egotzita. Zehazki, kontrako 11 emaitza antzeman ziren, baina lau kasutan kirolariek baimena zuten era orokorrean debekatuta dauden substantziak erabiltzeko.

Hala jakinarazi dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak, astelehen honetan, Donostian egindako prentsa agerraldian.

"Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren konpromisoetako bat da dopinaren aurka borrokatzea kirol arloan. Gaitz honen kontrako tolerantziarik eza da gure konpromisoa eta, horretarako, geroz eta aintzatespen handiagoa duen Dopinaren aurkako Euskal Agentzia bezalako erreminta bat dugu Euskadin", nabarmendu du Zupiriak.

Eusko Legebiltzarrak Dopinaren aurkako Legea aldatzea onartu zuen iaz eta, harrezkeroztik, araudiak berariaz jasotzen du Dopinaren aurkako Euskal Agentziak duela dopinaren aurka Euskadin borrokatzeko eskumena. Espainian dauden mota horretako bi erakundeetako bat da Dopinaren aurkako Euskal Agentzia.

Bere xedea da urtean 300 kontrol inguru egitea, estatu askoko nazio mailako dopinaren aurkako agentzia askok egiten dituzten kontrolak gainditzen duen kopurua. Iaz egindako 293 kontrolekin, 2017an baino bat gehiago eta 2016n baino 116 gehiago egin ziren. 2015 da iazko kontrol kopurua gainditzen duen bakarra (302 kontrol egin ziren).

Misioen %80 eta kontrolen %88 kirol lehiaketen barruan egin zen; misioen %20 eta kontrolen %12, aldiz, lehiaketatik kanpo egin zen. Arrauna, errepideko txirrindularitza eta errepideko atletismoa izan ziren iaz kontrol gehien izan zituzten modalitateak, 91, 63 eta 39 egin baitziren, hurrenez hurren.

Jasotako laginen %86 gizonezkoenak ziren, eta %14 emakumezkoenak. Laginak jasotzeko bisitatu ziren ekitaldiei dagokienez, %68 erkidego mailakoak ziren, %23 nazioarteko kirol ekitaldiak eta kasuen %9an estatu mailako probak ziren.

KONTRAKO EMAITZAK

Joan den urtean egindako 293 kontroletatik, 11k kontrako analisi emaitzak izan zituzten, hau da, 11 kasutan substantzia dopatzaileak antzeman ziren. Halere, kasu horietatik lautan dopatzaile bezala jasota dauden substantziak hartzeko baimena zuen kirolariek (asmatikoen artea, esaterako, ohikoa izaten da). Beste kasu guztietan zegozkien zigor espedienteak ireki ziren.

Hain zuzen, zazpi zigor espedienteetako bost fisiko-kulturismoko proba bakar bati lotuta daude. 2018an egin ziren diziplina horretan lehen aldiz dopinaren aurkako kontrolak, eta Dopinaren aurkako Euskal Agentziak eta AEKFF-Euskadi elkarteak (International Federation of BodyBuilding and Fitness) sinatu zuten akordioaren emaitza izan ziren.

Proba hura ekainean egin zen eta egindako hamabi kontrolen artean bost positibo antzeman ziren. Ondoren, eta AEKFF-Euskadirekin sinaturiko lankidetza akordioari jarraiki, Dopinaren aurkako Euskal Agentzia urrian antolaturiko lehiaketa batera bertaratu zen, baina lehiaketa bertan behera geratu zen, parte hartzaile gehienek parte hartzeari uko egin baitzioten dopinaren aurkako kontrolak egingo zirela jakin zutenean.

Kontrako 11 emaitzez gain, ezohiko 16 analisi emaitza egon ziren iaz. Horien ondorioz, analisi osagarriak egin behar izan ziren beren jatorri exogenoa baztertzeko. Kasu bakar batean baino ez zen jatorri exogeno hori antzeman eta lagin horrek beste substantzia batzuen ondoriozko emaitza positiboa emana zuela aintzat hartuta, zigor espedientea ireki zen.

Bideoak (1)