Boxeoa
Lejarragak agur esan dio Europako tituluari, Avanesyanen aurka KO teknikoz galduta
Agentziak | Erredakzioa
Epaileak konbatea bederatzigarren asaltoan gelditu zuen, Avanesyanek Lejarragaren aurpegian kolpe zaparrada zitala jo ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kerman Lejarragak agur esan dio Europako welter pisuko koroari, David Avanesyan errusiarraren aurka KO teknikoz bederatzigarren asaltoan galduta. Bilbao Arena leporaino bete da 10.000 zalerekin. Bizkaitarrak jasotzen duen lehen porrota izan da.
Konbateko epaileak borroka gelditu zuen bederatzigarren asaltoko 30 segundo eskas jokatu direnean, Avanesyanek Lejarragaren aurpegian kolpe zaparrada zitala jo ostean. Lejarraga erreakzionatzeko aukerarik gabe gelditu da, aurrera jarraitzeko kementsu agertu den arren.
Horrela, Avanesyan munduko txapeldun ohiak Europako titulua erdietsi du lehia gogor baten ostean. Lejarragak lehen hiru asaltoetan bera nekatzeko egindako lanari aurre ondo egin dio, eta, laugarrenetik aurrera, bizkaitarraren defentsan aurkitutako zuloak ondo aprobetxatu ditu aurkaria zigortzeko.
Denborak aurrera egin ahala, Kermanek bere aurkariaren lanaren ondorioak sumatzen hasi da. Armeniar jatorriko boxeolaria horretaz jabetu da eta azken eraso bortitza jo du. Egoera ikusita, epaileak konbatea gelditzea erabaki du, Neil Marshek prestatutako boxeolaria jaun eta jabe izan delako.
Konbateak, ekainaren 8an
Konbatearen atarian, eta lau protagonistak ringaren gainera igota, ekainaren 8an Bilbon beste boxeo jaialdi bat egingo dutela konfirmatu dute. Bi titulu jokatuko dira: Europako luma pisukoa eta Espainiako welterra.
Lehenengoan, Andoni Gago eta Jesus Sanchez izango dira aurrez aurre, Kiko Martinez egungo txapeldunak borrokatzeari uko egin ostean. Bigarrenean, berriz, Aitor Nieto Espainiako txapeldunak eta Jon Miguezek neurtuko dituzte indarrak.