Itxi

Mendi-lasterketak

Euskal Selekzioko bost kirolarik parte hartuko dute Japoniako Mt. Awa Skyrace proban

Erredakzioa

Leer en Castellano

Mendi-lasterketetako Euskal Selekzioa Munduko Kopako gure mugatik kanpoko hamaika probatan izango da, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Mendizale Federazioaren arteko lankidetzari esker.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mendi-lasterketetako Euskal Selekzioa Japoniara abiatuko da aste honetan Mt. Awa Skyrace txapelketan parte hartzeko. Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker, Oihana Azkorbebeitiak, Ander Iñarrak, Julen Martinez de Estibarizek, Maria Zorrozak, eta Mayi Mujikak parte hartuko dute punta-puntako proba honetan. Japoniakoa kontuan hartuta, Euskal Selekzioa Munduko Kopako gure mugatik kanpoko hamaika probatan izango da.

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Mendizale Federazioak eta Euskal Selekzioak elkarlan horren nondik norakoak azaldu dituzte, astelehen honetan Donostian egindako aurkezpenean. Han izan dira, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria, Jon Redondo; Euskal Mendizale Federazioko presidentea Joserra Alonso; Federazioaren zuzendari teknikoa, Irati Anda; Euskal Selekzioaren hautatzaileetako bat, Iñaki Uribe-Etxebarria; eta Euskal Selekzioaren kide den Oihana Azkorbebeitia. Azpimarratu dutenez, bidaia, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Mendizale Federazioaren arteko lankidetzari esker izango da posible eta baliagarria izango da Euskal Selekzioaren ibilbidea sendotzen jarraitzeko.

"Eusko Jaurlaritzak lan egiten du nazioarteko onarpen ofiziala duten federazioak eta selekzioak gero eta gehiago izan daitezen. Euskal Mendizale Federazioa onartuta dago Nazioarteko Mendizale Federazioan; ahotsa dauka, baina ez botoa. Horri balioa eman behar diogu eta pausoak eman behar ditugu botoa ere izan dezan. Horrez gain, gero eta sona handiago duten mendi lasterketetan badugu gure Euskal Selekzioa, orain dela hemeretzi urte jaio zen eta ibilbide bikaina egiten ari dena. Eusko Jaurlaritzak lan egin behar du proiektu hori sustatzeko eta indartzeko", adierazi du Jon Redondok.

Astelehen honetako prentsaurrekoan azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Mendizale Federazioaren arteko akordioari esker, Munduko Kopako proba ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute Euskal Selekzioko kideek.

Iñaki Uribe-Etxebarria hautatzailea, ez da Japonian izango, baina bere balorazioa ere egin du mendi lasterketetako Euskal Selekzioaren inguruan: "Euskal Selekzioak, azken urteetan bezala, mendi lasterketetako Munduko Kopan parte hartuko du, munduan barrena hainbat lasterketa ezberdinetan lehiatuz. Aurreko urte batzuetan, taldeak punta-puntako emaitzak lortu izan ditu, hainbat korrikalarik podiuma zapaltzeraino, eta bukaerako sailkapenean ere goiko postuetan sailkaturik. Aurtengo gure erronka nagusia ere hau izango da, sailkapen orokorrean ahal den eta posturik onena lortzea". Munduko Kopan Euskal Selekzioaren izenean arituko direnen zerrenda ere aipatu du Uribe-Etxebarriak: "Oihana Azkorbebeitia, Ander Iñarra, Hassan Ait Chaou, Mayi Mujika, Maria Zorroza, Julen Martinez de Estibariz, Iban Letamendi, eta Nahia Quincoces izango dira. Guztiak ere aldez aurretik Munduko Kopan ibilitakoak dira eta aurten ere seguru emaitza bikainak jasoko ditugula".

Bideoak (1)