Kargatzen...
Itxi

Hilaren 19tik 26ra

Kayak surfeko Euskal Selekzioa, Peruko Munduko Txapelketan

eitb.eus

Leer en Castellano

Kayak surfeko Euskal Selekzioak 15 kirolari eramango ditu datorren astean Peruko kostaldean egingo den Munduko Txapelketara.

Artxiboko irudia

Orain dela bi urte Ipar Irlandan lortutako munduko titulua berriro lortzea da ofizialki lehiatuko den eta Eusko Jaurlaritzaren babesa duen selekzioaren xedea.

Eusko Jaurlaritzak eta kayak surfeko Euskal Selekzioak datorren astean Perun egingo den Munduko Txapelketan parte hartuko duten kirolariak aurkeztu dituzte gaur. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskal Selekzioko entrenatzaile Eduardo Etxeberriak azpimarratu dutenez, diziplina honetan mundu mailako selekziorik indartsuenen artean sendotzea da euskal konbinatuaren xedea. Guztira, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, 15 euskal kirolarik parte hartuko dute uztailaren 19tik 26ra antolatu den Txapelketa honetan.

Palmares bikaina

Kayak surfeko azken Munduko Txapelketa orain dela bi urte egin zen Ipar Irlandako Portrush herrian eta Euskal Selekzioak taldekako munduko txapeldunaren titulua berriro irabaztea lortu zuen, beste zortzi selekzio atzean utziz. Ingalaterrak bigarren postua lortu zuen eta Galesek hirugarrena. Banakako probetan, halaber, euskal kirolariek 13 domina lortu zituzten guztira (urrezko bi). Euskal Selekzioak, honela, bere bosgarren Munduko Txapelketa lortu zuen.

Euskal Selekzioa 1997. urtean hasi zen nazioartean lehiatzen eta Ipar Irlandako tituluaz gain, taldekako ondoko munduko txapelketak irabazi ditu: Espainia (2015), Australia (2013), AEB (2011) eta, azkenik, Espainian jokatu zen lehen Munduko Txapelketa (2007). 2009n Portugalen egindako txapelketan munduko txapeldunordea izan zen Euskal Selekzioa. Txapelketa horietan guztietan -eta beste batzuetan ere- banakako domina asko lortu ditu, eta, berez, azken bi Munduko Txapelketetan banakako domina gehien lortu dituen selekzioa izan da.

Kirol minoritarioa bada ere, kayak surfak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu eta Munduko Txapelketak antolatzen dituen Nazioarteko Elkarteak hogei selekzio inguru biltzen ditu: Australia, AEB, Portugal, Argentina Brasil, Costa Rica, Ingalaterra, Irlanda, Japonia, Galizia, Irlandako Errepublika, Ipar Irlanda, Eskozia, Hegoafrika, Gales, Suedia, Jersey, Danimarka eta Euskadi.